Iñaki Garcia Uribe Aranzadiko Etnografia saileko kideak sare sozialetan zabaldu duen argazki batean orkatz bat ageri da, Gorbeiako Parke Naturalaren argibide-taula batean zintzilikatuta, eta burua moztuta. Areatzan hartutako irudia da, Pagomakurre eta Itzina artean, Bizkaiko aldean. Irudiak hautsak harrotu ditu, eta Araba eta Bizkaia arteko parke naturalean ezkutuko ehiztariak jarri ditu berriz jopuntuan.
Eguzki talde ekologistak dagoeneko azalpenak eta neurriak eskatu ditu. Arabako eta Bizkaiko diputazioei inplikazio "handiagoa" eskatu die Gorbeiako parke naturalaren babesean, eta gogoratu duenez isilpeko ehizak arriskuak dakartza babestutako eremuan: "pertsonen segurtasuna, faunarentzako arriskuak eta kutsadura". Gainera, ikerketa "osoa, zehatza eta serioa" galdegin du Eguzkik, eta azpimarratu du ez dela hil honetan eraildako animaliak aurkitzen den lehen aldia, "eta hori behin eta berriz egiten da parke naturalean, legez kanpoko praktika horien ebidentzia gehiago egon baitira".
Ertzaintzak ikerketa abiatu du Gorbeiako parke naturalean azken urtean jazo diren horrelako ekintzen inguruan.