Correosek Aramaioko bulegoa behin betiko itxi du

Erredakzioa 2021ko mai. 5a, 09:30
Hemendik aurrera, Correosek Arrasaten baino ez du eskainiko bulego zerbitzua. / ARAMAIO.eus

Correosek behin betiko itxi du Aramaion zuen bulegoa, eta hemendik aurrera Arrasaten eskainiko du zerbitzu hori. "Zerbitzua egun batetik bestera murriztea lotsagarria" dela kritikatu du Aramaioko Udalak, eta bilera bat eskatu dio enpresari.

Correosek apirilaren 23an jakinarazi zion Aramaioko Udalari udalerrian duen zerbitzua kendu edo murriztuko zuela, eta, ondorioz, bulegoa behin betiko itxi egingo zuela maiatzaren 1etik aurrera. Beraz, korrespondentzia banaketa egiten jarraituko duen arren, ez da aurrez aurreko bulego zerbitzurik emango.

Hemendik aurrera, Correosek Arrasaten eskainiko die bulego zerbitzua Aramaioko herritarrei, baita bidalketak jasotzeko zerbitzua ere. Nolanahi ere, Udalak azaldu du Aramaion arituko den langileak, eguneko banaketa egiten duenean, jaso ahal izango dituela herritarren bidalketak eta Arrasateko bulegoan tramitatu.

Okindegia

Horrez gain, bidalketa ziurtatuak egiteko aukera egongo da Aramaioko okindegian. Izan ere, maiatzaren hasieran sinatuko den hitzarmenaren ondorioz, establezimendu hori Correosen denda-lagun gisa arituko da.

Udalaren kritikak

"Correos enpresa publiko bat izanik, aukera izan duen momentuan gure udalerriari dagokion zerbitzua egun batetik bestera murriztea lotsagarria iruditzen zaigu", kritikatu du Aramaioko Udalak, eta bilera ofizial bat eskatu dio enpresari, egoera ondo aztertu eta udalerrian izango duen eragina murrizteko.

Enpresari kritika publikoa egiteaz gain, zonaldeko arduradunaren eta orain arteko postariaren "konpromisoa eta laguntza" publikoki eskertu du Aramaioko Udalak. "Bertako postuak daukan prekarietatea aztertu eta lan baldintzak hobetu beharrean negozioaren izenean murrizketa hau egin du".

"Zoritxarrez, horrelako gauzak ez dira berriak gurea bezalako herri txiki batean, non negozioa edo errentagarritasunaren izenean hainbat murrizketa jasaten ditugun eragile pribatu zein publikoetatik", salatu du Udalak. "Herri txikiok zerbitzu ezberdinak jasotzen jarraitzeko eskubidea dugu, baina errentagarritasun ekonomikoaren izenean gure biziraupena eta bizi kalitatea etengabe arriskuan jartzen dute".

Azkenik, dagokien arduradunei eskatu die "gauzak era integral batean aztertu eta antolatzeko, eta ez soilik era ekonomiko kapitalista batean".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide