Lorabarri Astea hasiko da gaur, maiatzak 4, Aramaion. Hitzaldi batekin emango diote hasiera; hain justu ere, eremu elektromagnetikoen eta osasunaren arteko harremanaz hitz egingo du Asier Arregi geobiologoak, 5G, osasuna eta elektromagnetismoa berbaldian.
Bihar, berriz, gaitasunen eta dohainen ekonomiaz hitz egingo du Nekane Juradok; norbanakoak dituen gaitasunen inguruan hausnartu eta hortik abiatuta beste ekonomia bat posible dela azalduko du.
Herriko kultura etxean dira hitzordu biak, 18:30ean. Sarrerak doan badira ere, aurrez erreserbatzea komeni da. Udal atarian erreserba daitezke; bestela, egunean bertan, sarrerarik geratzen bada, kultura etxean bertan hartzeko aukera ere egongo da.
Bigarren eskuko azoka
Azokarik ez da faltako aurten. Zapatu goizean, maiatzak 8, egingo dute Bixente Goikoetxea plazan, 11:00etatik 14:00etara. Berezitasunik badu aurtengo azokak, Aramaioko ekoizleen ohiko produktuez gain, bigarren eskukoak ere eskuratu ahal izango direlako. Aste honetan zehar Ekonomatoan biltzen ari diren arropa eta umeentzako trona, motxila, bizikleta, motorra, patineteak edo bestelako osagarriak jarriko dira salgai. Bertan jasoko den dirua Irati Garaitonandia Martelok behar duen aulki berezia erosten laguntzeko erabiliko da.
Eskolako umeen parte-hartzea
Bestalde, parkean eraiki berri duten zume bizidun jolasguneari buruzko ekimena egingo dute San Martin eskolako neska-mutikoek. Ostiralean, hilak 7, umeek jolastokiari buruzko azalpenak emango dituzte; eta zapatuan, zume bizidun jolasguneari buruzko argazki erakusketa jarriko dute ikusgai azokan.
Azkenik, igandean, maiatzak 9, Erroak eta Geroa izeneko ikus-entzunezkoa ikusteko aukera egongo da kultura etxean, 19:00etan. Jarraian, solasaldia izango da Ane Gorosabelekin.