Iratik aulki berria behar du

Mirian Biteri 2021ko api. 22a, 09:00
Irati Garaitonandia aramaiarra, margolan bat egiten. ARETXABALETA.EUS

Nahasmen neurologikoa duen Irati Garaitonandia Martelo neskatoa laguntzeko umore asteburua antolatu dute Aramaion.

Datorren asteburuan umorea izango da protagonista Aramaion. Adin tarte ezberdinei zuzendutako lau saio izango dira guztira aste bukaera osoan zehar. Hain justu ere, hilaren 23an, ostirala, Hondartzak perretxikotan izeneko antzezlana ikusteko aukera izango dute etxeko txikienek, 17:30etan. Larunbatean, berriz, Antton Telleriaren bakarrizketaz gozatu ahal izango dute helduek, 19:00etan.

Azkenik, igandean, apirilak 25, hitzordu bikoitza dago aurreikusita: 17:00etan, Asto erregea filma ikusi ahalko dute umeek; eta helduek, El gran baño, 19:00etan. Ekintza guztiak herriko kultura etxean egingo dituzte.

Sarrerak, aurretik

Koronabirusa dela eta, aurretik eskuratu beharko dira ume antzerkirako nahiz bakarrizketarako sarrerak. Horien salmentarekin batzen den diru kopurua Irati Garaitonandia Martelo neskato aramaioarrak behar duen aulki berezia erosten laguntzera bideratuko da, gaur egun duen aulkia txiki geratu zaiolako.

Irati Garaitonandia hamaika urteko neska bat da, eta funtzio motorrari, hau da, muskuluen kontrolari, koordinazioari eta mugimenduari eragiten dion nahasmen neurologikoa du. Alterazio horrek bizitza osoan jasan beharko duen desgaitasun bat dakarren arren, tratamendu eta maneiu egokiarekin, gizartean erabat integratutako bizitza izan dezake.

Erakusketa

Horregatik dira horren garrantzitsuak jarduera osagarriak; Iratiren kasuan, margotzea terapia bezala erabiltzen du. Sei urte daramatza pintura lantzen Idoia Elexpuru irakasle aretxabaletarrarekin. Bere obraren zatirik handiena paperean egiten du, eta lan horiek dira, hain justu ere, egunotan Aretxabaletako Arkupe kultura etxean ikusgai daudenak, Marrazkiak izeneko erakusketan. "Oso erakusketa berezia da, bere lanak genero abstraktuan sar genitzake eta arreta deitzen dute oso koloretsuak direlako; 50 bat margolan daude ikusgai", azaldu du Elexpuruk.

Lanak erosteko aukera dago; 5.000 euro inguruko kostua duen aulkia erosi ahal izateko erabiliko da ere bide horretatik lortutako dirua. Apirilaren 30era arte egongo da erakusketa ikusteko aukera astelehenetik ostiralera bitartean, 11:00etatik 13:00etara eta 18:00etatik 20:00etara

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide