Zuiako diru laguntzen planaren ardatzak: pandemiaren ondorioak, etxebizitza eta kontzejuak

Erredakzioa 2021eko apirilaren 21a

Diru laguntzetarako 608.800 euroko aurrekontua izango du Zuiak 2021ean. / ZUIAKO UDALA

Zuiako Udalak datozen hiru urteetarako diru laguntzen plan estrategikoa onetsi du, 2021ean 600.000 euro baino gehiago banatzeko aurreikuspenarekin. Besteak beste, 50.000 euro bideratuko ditu pandemiaren inpaktu ekonomikoa arintzeko.

Aho batez onartutako 2021-2023 aldirako Diru Laguntzen Plan Estrategikoa udalerrian orain arte gehien garatu den proiektua da, eta 608.800 euroko aurrekontua izango du 2021ean. Aurten lehen aldiz, helburuen artean genero ikuspegia sartu da, eta laguntzak hamar jarduera eremutan banatuko dira: besteak beste, gizarte ekintzaren, kulturaren, hezkuntzaren, kirolaren eta herritarren parte hartzearen sustapena.

Besteak beste, Covid-19aren krisiak eragindako inpaktu ekonomikoa arintzeko laguntzak nabarmendu ditu Udalak. Izan ere, 50.000 euro bideratuko dira familia behartsuenentzat, autonomoentzat eta tokiko enpresentzat.

Beste 53.000 euro bideratuko dituzte zuzeneko diru laguntzen bidez etxebizitza alokatzeko, EITa (Eraikinen Ikuskapen Teknikoa) egiteko eta etxebizitza hutsak birgaitzeko. Partida horren helburua da higiezinak kontserbatzen laguntzea, herritarrak bailaran jarraitzea sustatzea eta gazteen emantzipazioa erraztea.

Diru kopuruari dagokionez, zuzkidura handiena duen eremua udalerriko hamaika kontzejuei dagokiena da. Besteak beste, argiteria publikoa mantentzen laguntzeko, elurra kentzeko gastuak ordaintzeko eta Administrazio Batzarren ekipamendu publikoak hobetzeko lanak egiteko izango da 288.000 euroko partida hori.

"Baliabide publikoen erabilera eraginkorragoa ezarri nahi dugu", azaldu du Unai Gutierrez Urkiza alkateak. "Bereziki, bizikidetza balioak garatzen dituzten, bizi kalitatea hobetzen duten eta herritarren arteko desberdintasun egoerak zuzentzen dituzten politika publikoetara bideratutakoak".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago