Legutioko prozesu judiziala bertan behera utzi dezatela eskatu dute

Mirian Biteri 2021ko api. 17a, 17:49

Elkarretaratzea eta agerraldia egin dute gaur.

Martxoaren 19ko gertakarien ondoren ematen ari den "jazarpen judiziala" salatzeko asmoz, agerraldia eskaini dute gaur, Legution. Gogorarazi dute egun horretan bertan pertsona bat atxilotu eta beste bat identifikatu zutela, "autoritateari eraso egitea" leporatuta.

Hurrengo bi asteotan, Legutioko beste bi herritarrei zitazioa ere heldu zaiela arbuiatu dute. Azken bi hauek poliziaren "arbitrariotasunaren erakusgarri" direla salatu dute, lehenengo laguna etxean zegoelako martxoaren 19ko iluntzean, eta gertakarien berri hurrengo egunean eduki zuelako. "Poliziak inongo frogarik gabe eginiko akusazioa da hau, eta zuzenki dago erlazionatuta atxilotutako pertsonaren bizilaguna izatearekin", azaldu dute.

Bigarrena herriko tabernari bat da. "Bere aurka jo dute herriko tabernariek operazio polizialaren aurka ateratako komunikatuarekiko mendeku gisa. Tabernaria bere lantokian atxiki eta lanean jarraitu ezkero atxilotzearekin mehatxatu zuten", azpimarratu dute.

Horrekin lotuta, honakoa azpimarratu dute: "Mendeku gosearekin herrira jendea kikiltzera datozen poliziek ordea ez dute bakarrik jokatzen. Pandemiaren egoerarekin asko luzatu da errepresioaren eskua eta presentzia poliziala eguneroko ogi bihurtu da gure herrian, gau eta egun. Beraz eta inongo fundamenturik gabeko ekintza polizialak baimentzen dituzten agintariak seinalatu nahi ditugu, beraiek ahalbideratzen dituztelako jokaera autoritario hauek osasun larrialdiaren aitzakiapean".

Argi utzi nahi izan dute ez direla herrikideak defendatzen atzera botako: "Jakitun gara momentuz lau kargu-egozte heldu diren arren, gehiago egon daitezkeela eta horiei guztiei aurre egingo diegu, instituzio publikoek gaur arteko pasibotasuna erakusten badute ere", ohartarazi dute.

Azkenik, akusazio guztiak eta prozesu judiziala bertan behera geratzea eta herria "jasaten ari den poliziaren presentzia itogarriarekin amaitzea" exijitu dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide