Aramaion lanean dabiltza zuntz optikoa etxe guztietara heldu dadin

Erredakzioa 2021ko api. 11a, 10:00
Ibarra ondoan dagoen Zalgo auzoak zuntz optiko gabe jarraitzen du.

Besteak beste, Zalgon, Arragan, Suñan, Zabolan edo Altzagan jarri gabe dagoela gogorarazi du Udalak.

Aramaioko etxe guztiek zuntza izateko aukera bermatu behar dutela gogorarazi die bertako Udalak gai horretan eskumena duten erakunde ezberdinei.

Azaldu du, Europako funtsekin, Espainiako Gobernua, Eusko Jaurlaritza eta Arabako Foru Aldundia udalerrian zuntz optikoa jartzen hasi zirela orain dela bi urte pasatxo. Horrekin lotuta, gaineratu du aipatutako hiru instituzio horiek lehiaketa publiko ezberdinak egin dituztela ingurune ezberdinetan zuntza jartzeko; baina, auzune eta etxe askok oraindik ere zerbitzu hori jaso gabe daudela adierazi du.

Udalak egindako inbentarioan auzune bat baino gehiago duten elizateetan falta da: hain justu ere, Eguzkierripan, Zalgon, Arragan, Errotabarrin, Suñan, Murun, Zabolan, Altzagan, Aldeko-Agarre-Mendakon eta Zubietan. Hauetaz aparte, auzuneetatik urrunen dauden etxe askotan ere ez dela jarri gaineratu du.

Falta diren auzuneei dagokionez, Udalak aipatu du Diputazioak, iazko udaberrian lehiaketa berri bat atera behar zuela, baina Koronabirusarekin ez dakitela noiz aterako duen: "Gainean gaude eta urte batzuk badaramatzagu gai honekin bueltaka, udalaren esku ez egon arren, hasieran esan zuten bezala, etxe guztiek zuntza izateko aukera bermatu behar delako", azpimarratu du.

Etxe sakabanatuei dagokionez, honakoa jakinarazi du: "Ez dakigu oso garbi zer gertatuko den, zonalde ezberdinak markatuta dituzte, diru laguntzak horrela eskatzen duelako, eta izatekotan, etxe hauek azkenak izango dira zuntza izaten".

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide