Zurbaoko bidegurutzean istripuak saihesteko lanak egitea eskatu du EH Bilduk

Erredakzioa 2021ko mar. 11a, 18:41

A-2134 eta A-4001 errepideen arteko bidegurutzea, Zurbao inguruan. / GOOGLE MAPS

Segurtasun Sailaren datuen arabera, 2015etik 21 istripu jazo dira Zurbaoko bidegurutzean. Arratzua-Ubarrundiako EH Bilduk puntu arriskutsu hori hobetzeko lanak egitea eskatu dio Aldundiari.

Arratzua-Ubarrundiako EH Bilduk Zurbaoko bidegurutzean hobetzeko lanak egin ditzala eskatu dio Arabako Foru Aldundiari. Horretarako, hurrengo osoko bilkuran eztabaidatzeko mozio bat aurkeztu du udal talde abertzaleak.

Izan ere, Arantza Arranz bozeramaileak azaldu duenez, badira urte asko Zurbaon bizi diren herritarrek zein errepidea erabiltzen dutenek arazoak pairatzen dituztela. "Herritarrok errotonda bat eraikitzea eskatu dugu, irtenbiderik seguruena dela uste dugulako eta konponbide hori baloratzea eskatu diogu Aldundiari", adierazi du Arranzek.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak emandako datuen arabera, puntu arriskutsua da, eta istripuak oso ohikoak dira A-2134 eta A-4001 errepideen arteko bidegurutzean. 2015etik 2020ra, 18 istripu gertatu ziren guztira, eta 2021eko urtarriletik hona, beste hiru talka zenbatu dira.

Egoera honen aurrean, EH Bilduk Aldundiarekin premiazko bilera bat egitea eskatu du mozioan, arazo hori "modu aktiboan" konpontzeko. Era berean, EH Bilduko batzarkide taldeak Bide Azpiegituraren eta Mugikortasunaren Diputatuaren agerraldia eskatu du Batzar Nagusietan, "argitu dezan segurtasuna hobetzeko neurririk hartzeko asmoa ote daukan".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago