Zuiako osasun zentro berria martxoaren 8an jarriko da martxan

Erredakzioa 2021ko mar. 1a, 16:28

Iñigo Urkullu eta Gotzone Sagardui, osasun zentroaren aurkezpenean. / IREKIA

1.160.000 euroko inbertsioaren ostean, Zuiako osasun zentro berria martxoaren 8an jarriko dute martxan, Murgian. Eskualdeko 5.500 bizilagunen arreta hobetzeko helburua izango du.

Iñigo Urkullu lehendakariak Murgiako osasun zentro berria bisitatu du astelehen honetan, martxan jarri eta astebete lehenago; eta berarekin izan dira Gotzone Sagardui Osasun sailburua, Rosa Perez Osakidetzako zuzendari nagusia eta Unai Gutierrez Zuiako alkatea. Azaldu dutenez, zentro berriak nabarmen hobetuko du arreta Zuia eta Gorbeialdea inguruan, lehen mailako arreta indartuz.

Bitartean, Zuiako bizilagunak kalitatezko osasun sistema publikoaren alde mobilizatu dira osasun zentroko kanpoaldean.

Zuiako Udalak Osakidetzari lagatako lursail batean eraikitako zentroak 645 metro koadroko azalera izango du, solairu bakarrean banatuta: bertan izango dira medikuntza orokorreko bi kontsulta, erizaintzako bi kontsulta, pediatriako kontsulta bat, pediatriako erizaintzako kontsulta bat eta larrialdietarako, erauzketetarako, behaketarako eta tratamendurako beste gela bat. Horrez gain, jendearentzako arretarako gune bat, erabilera anitzeko gela bat, itxarongela bat eta komun egokituak egongo dira.

"Lehen Mailako Arreta indartzea pertsonen osasun osoaren alde egitea da, eta etorkizuneko beharrei aurrea hartzea", azpimarratu du Iñigo Urkulluk. Halaber, osasuna bermatzea legegintzaldi honetarako Gobernu Programaren hiru oinarrietako bat dela gogorarazi du, eta Lehen Mailako Arreta indartzea ere Osasun Sailaren Esparru Estrategikoan dagoela.

Bizilagunak kalitatezko osasun sistema publikoaren alde mobilizatu dira. / ALEA

 

5.500 biztanleri arreta

Murgiako Osasun Zentroa Ipar-Zuiako Lehen Mailako Arretako Unitatearen erreferentzia da, eta Gopegi, Izarra, Pobes eta Zuhatzu-Kuartangoko kontsultategiak ere hartzen ditu. Eraikin berriak etengabeko arreta eskainiko die zonaldeko 5.500 bizilagunei; baita asteburuetan eta jaiegunetan ere.

340.000 pertsona ingururi arreta ematen dien Arabako ESIko osasun zentroen sarean dago: bi ospitale, kanpo-kontsultetarako eraikin bat, 17 osasun zentro, 25 kontsultategi eta Etengabeko Arretako Gune bat daude bertan gaur egun.

Urtean batez beste honako jarduketa hauek egingo dituela aurreikusi du Osasun Sailak:

  • Medikuntza orokorreko 35.369 kontsulta.
  • Pediatriako 2.297 kontsulta.
  • Erizaintzako 20.564 kontsulta.
  • 4.407 erauzketa

Aurkezpenean nabarmendu duten hobekuntzetako bat irisgarritasuna da: bai mugikortasun urriko pertsonentzat, bai ohatilentzat eta pazienteen ebakuazioentzat.

Eraginkortasun energetikoa

Eraikuntzan A+ eraginkortasun energetikoa hartu da kontuan. Berokuntza mota zoru erradiatzaile/freskagarriaren bidez egingo da, bero-ponpa aerotermikoen bidez hotza eta beroa ekoizteko zirkuitu batean oinarrituta. Proiektatutako aireztapen-sistema airea tratatzeko unitateetan oinarrituta dago, eta eskatzen den gutxienekoa baino eraginkortasun handiagoa duten plakak berreskuratzeko gailu bat du. Erregulazio sistema zentralizatu batek urrunetik kontrolatzen ditu instalazio guztiak, web zerbitzari baten bidez.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago