Zuiako Udalak 2021eko aurrekontua onartuko du ostegunean

Erredakzioa 2021eko otsailaren 9a

Zuiako udaletxea, Murgian. / ZUIAKO UDALA

Ostegun honetan, otsailaren 11n, 3,4 milioi euroko aurrekontua onartuko du Zuiako Udalak. Herritarrek partaidetza-prozesu baten bitartez zehaztu dituzte 15.000 euro inguruko ekarpenak.

Zuiako Udalak aste honetan onartuko du 2021 urterako udal aurrekontua. Diru-sarrera eta gastuetarako proiektua 3.400.000 euro ingurukoa izango da.

Proiektua EH Bilduko udal gobernuaren proposamenean oinarritzen da, eta, berrikuntza gisa, Zuiako herritarrek garatutako partaidetza-prozesu batetik sortutako ekarpen batzuk jasoko ditu; ekarpen horiek, guztira, 15.000 euro inguruko balioa dute.

Aurrekontuak, gainera, oposizioak proposatutako hainbat zuzenketa jasoko ditu, 260.000 eurotik gorako balioarekin. Horietako batzuk egungo gobernu taldeak aurreko legegintzaldietan proposatutako ekimenak dira, bere garaian aurrera atera ez zirenak.

Beste batzuek, berriz, hasierako proposamenean jada jasotako partiden diru kopurua handitzea ekarri dute; esate baterako, eskola garraiorako diru laguntzak, Covid-19ak kaltetutako taldeentzako laguntzak eta oinezkoentzako hainbat bide.

Zuzenketa horiek onartu eta gero, udalbatzaren gehiengoaren aldeko botoekin aurrekontuak ostegunean onartzea espero du gobernu taldeak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago