Urkabustaizek udaletxea berritu eta konpostaje komunitarioko eremuak handituko ditu

Erredakzioa 2021ko ots. 3a, 12:15
Urkabustaizko udaletxea, Izarran. / ALEA

1,4 milioi euro ingurukoa izango da Urkabustaizko Udalak 2021erako onartu berri duen aurrekontua. Besteak beste, udaletxea eraberritzeko aldez aurreko lanak hasi eta konpostaje komunitarioko eremuak handituko dira.

Urkabustaizko Udalak behin betiko onetsi du 2021erako aurrekontua. Guztira, 1.384.000 euro izango ditu, eta horietako 81.000 euro inbertsioetarako izango dira.

Inbertsioen artean, udaletxearen erreforma integralari ekiteko aurretiazko lanak nabarmentzen dira. Horretarako, udal bulegoak Kultur Etxeko lehen solairuan egongo dira behin-behinekoz. Etorkizunean ekintzailetza eta udalerriko elkarteak sustatzeko erabiliko den espazio hori egokitzeko 160.000 euro erreserbatu dira. Lekualdaketa 2021 urtean zehar egingo da.

Bestalde, Urkabustaizek konpostaje komunitarioko eremuak zabaltzen jarraituko du Izarrako hirigunean. 2020an, banakako 40 konpost-ontzi baino gehiago banatu dira herritarren artean, eta 2021ean ere kanpainari jarraipena emango diote.

Ekitaldi honetan, halaber, pandemiaren eta murrizketen ondorioz joan den urtean garatu gabe gelditu ziren hainbat proiekturekin jarraituko dute: besteak beste, udal pilotalekua berritzeko parte hartzeko prozesua eta iraunkortasun energetikorako proiektuak.

Bestalde, Udalak iragarri du Ostuñoko kirol eremuaren birmoldatzea amaitu egin dela. Beste erakunde batzuek 412.000 euroko obra hori diruz lagundu dute. Igerilekuak eta futbol zelaia hobetzeaz gain, Ostuñoko parkerako sarbideak eta tabernako instalazioak hobetu dira.

Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren eta Eraikuntza eta Obren gaineko Zergaren erreformen ondorioz, teilatuak eta fatxadak berritzeagatik hobariak emateaz gain, Administrazio Batzarrek kontzeju bakoitzean jasotzen denaren %10a jasoko dute.

Azkenik, Urkabustaizen aurrekontua Musika Eskolarako beste 134.000 eurorekin osatu dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide