Eguzki plakak jarriko dituzte Zigoitian, udal eraikinen eraginkortasun energetikoa hobetzeko

Erredakzioa 2021ko urt. 27a, 12:00
Plaka fotovoltaikoak frontoiko teilatuan jarriko dira. / PIXABAY

Zigoitiko Udalak eraginkortasun energetikoa hobetzeko eguzki plakak jarriko ditu, EH Bilduk proposatuta. Bere ekarpena onartu ostean, udal aurrekontuak babestuko ditu talde subiranistak.

Eraginkortasun energetikoa hobetzeko eguzki plakak jarriko ditu Zigoitiko Udalak, udal gobernuaren aurrekontu proiektuari EH Bilduk egindako ekarpena onartu ostean.

Ondorioz, 2021erako aurrekontuek EH Bilduren babesa lortu dute, eta, aho batez, 2,9 milioi euroko proiektu ekonomikoa onetsi du Zigoitiko Udaleko osoko bilkurak. «Funtsezkoak diren hainbat proposamen jasota daude: Covid-19ak sortutako ondorio sozioekonomikoei erantzutea, energia jasangarritasunean aurrera egitea eta, azkenik, kalitatezko enplegu publikoa sortzea. Hori dela eta, aurrekontuak babestu ditugu, Zigoitiko herritarren mesedetara daudelako», azaldu du Etxebarriak.

Plaka fotovoltaikoak frontoiko teilatuan jarriko dira, eta 18.000 euro inbertituko dira proiektuan. Momentuz, Udaleko zein eskolako eraikinen energia beharrak asetuko ditu, baina etorkizunean plaka kopurua eta bestelako eraikinen beharrei erantzutea da helburua.

Horrekin batera, energiaren eraginkortasunean aurrerapausoak emateko, LED argiak jarriko dira Udaleko eraikinean eta gizarte etxean. Horretarako auditoria energetikoa egin behar denez, diru partida ondorioen arabera zehaztuko da.

Ostalarientzako laguntzak

Bestalde, pandemiak sortu dituen beharrei erantzuteko 3.000 euroko partida bideratuko da ostalariei laguntzak emateko. «Pasa den urtean egin genuen proposamena baina ez genuen garatzeko astirik izan. Egoerak hobera egin ez duela eta neurri gogorragoak hartuko direla ikusita, laguntza zuzenak ematea planteatu dugu», azaldu du EH Bilduko bozeramaile Itxaso Etxebarriak.

Mantenu lanetarako lan eskaintza

Azkenik, lanpostu berri bat sortzeko konpromisoa hartu du udal gobernuak. Izan ere, Zigoitiak mantenu lanetarako bi langile zituen lehen, baina duela urte batzuk erretiroa hartu zuen horietako batek; ondoren, bere lanpostua amortizatzeko erabakia hartu zuen orduko gobernuak, eta Madrilek ezarritako murrizketek ezinezkoa egin zuten lanpostu hori berreskuratzea.

Orain, datorren urtean Lan Eskaintza Publikoa deitzeko proposamena egin da, eta bertan bi lanpostu horiek sartuko dira.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide