Gure bazterrak

Oro ikusteko begiratokia

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2021ko urt. 24a, 10:00

Araba osoko mendien bista pribilegiatuak dituzte Oroko haitzek. Erraz irits daiteke santutegiaren inguruko zelaietara Bitorianotik; eta, horrenbestez, dozenaka lagun biltzen dira astebururo bertan.

Oroko haitzek Atxabal mendiak eta lau puntu kardinaletan kokatuta dauden beste lau gailurrek osatzen dute: Arleaga dago Oroko santutegi ospetsuaren aurrekaldean, mendebaldean; iparraldean, hain justu santutegira igotzeko errepidearen ondoan, Añabartza dago; ekialdean dago Iruratxi eta hegoaldean Indusi. Kare-mendilerro txiki horretan hamabost eta hogeita bost bat metro artean dituzten 50 bat eskalada bide egokiturik daude, eta eskolak ematen dituzte bertan.

Egun pasa egiteko ingurune oso ezaguna da Oro, eta ehunka lagun biltzen dira astebururo bost haitz horien parean dagoen Zuia ibarreko «zaindariaren» omenezko eraikinaren inguruan. Zuia ibarreko herri nagusia den Murgiatik gora abiatzen da, Bitoriano herrixkatik pasatuz, Oroko santutegira igotzen den errepidea. Bi kilometro eta erdi eskasetan iristen da bertara kotxez. Oinez igotzeko asmoa izanez gero, berriz, Bitorianoko elizatik bertatik bidexka bat egokitu dute menditik igotzeko.

Kokapen garai pribilegiatuari dagokio Oro etimologia

Oroko atsedenlekutik ehun bat metrora, haitz baten gainean Zuia eskualdeko begiratokia dago, orientazio mahai eta guzti. Bertatik, Zuiako ikuspegi zabalaz gainera, Kuartangoko Marinda tontorra ikus daiteke, baita Badaia eta Arkamuko mendilerroak ere, eta urrunago, Salbada. Gorbeia mendiko irudi ederrak ere ageri dira bertatik.

Begiraleku garaiago bat nahi izanez gero, ordea, Atxabalgo tontorrera igotzea besterik ez dago, santutegiaren atzekaldeko eskilaretatik abiatuta txango motz bat eginez. Bertatik Anboto gaina ikus daiteke egun argietan, baita Arabako Lautada eta Aizkorri ere.

Oroko Andre Maria XII. mendetik dago mendi horien artean kokatua. Gotiko estiloko santutegia da, erromaniko estiloko beste baten hondakinetan eraikia, handia eta errenazimenduko koruarekin. Santutegiaren berri jasotzen duen lehen dokumentu ezaguna 1138koa da, hain zuzen Maria Lopez de Haro andreak Naxerako Errege Monastegiari Oroko Andra Mariaren Santutegia dohaintzan ematen dion dokumentua da.

Toponimoari dagokionez, euskal jatorrikoa izan daitekeela jaso du Jose Iturrate ikerlariak, halakoxea baita Zuiako haraneko toponimia ia guztia –mendiak, ibaiak, sailak, eta abar–. Euskal Herrian, gainera, badira hainbat leku Oro izenarekin edo Or edo Oro aurrizkia dutenak. Hala, Oroko etimologia santutegiaren eta bere menpe dauden larreen eta jabetzen kokapen garai pribilegiatu horri dagokio.

Inguruan, gertu baina sumaezin dago 1918an Joxe Miel Barandiaranek aurkitutako Oro haitzetako kastroa. Bertan burututako indusketetan Brontze garaiko (2.000 urte k.a.) aztarna ugari topatu ziren bertan, koilareak, apaingarriak, lan-tresnak eta beste objektu metaliko ugari, Gasteizko Bibat museo arkeologikoan ikus daitezkeenak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago