Zuiak prozesu partehartzaile bat jarri du martxan, udal aurrekontuak osatzeko

Erredakzioa 2021ko urt. 20a, 11:44
Herritarrek parte hartzeko bide berri bat aztertu nahi du Zuiako Udalak. / ZUIA.eus

Herritarrek erabaki ahal izango dute nola inbertituko diren Zuiako udal aurrekontuko 15.000 euro. Horretarako, urtarrilaren 25era bitartean proposamenak egiteko aukera emango du Udalak.

Osasun egoerak zaildu du herritarrekin egindako aurrez aurreko bilerak egitea. Gainera, herritarren parte hartzea sustatzeko bide berriak aztertu nahi ditu Zuiako Udalak.

Horregatik, 2021erako aurrekontuen aukera baliatuz, prozesu partehartzaile bat abiatu da udalerrian, eta urtarrilaren 25era arte egin ahal izango dira proposamenak. Zuiako Udalaren webgunean formulario bat eta informazio guztia eskegi dute. Zuian hautemandako beharrak helarazteko, formulario hori udaletxean utzi edo azuia.general@ayto.araba.eus helbide elektronikora bidali beharko dute herritarrek.

Ondoren, Udalak jasotako proposamenen bideragarritasuna baloratuko du, eta lehentasunak zehaztuko ditu. Azkenik, aukeratutako proposamenak aurrekontuan sartuko dira, eta otsailaren 11n aurreikusitako osoko bilkuran eztabaidatuko dira. Guztira, 15.000 euro bideratuko dira herritarren proposamenak gauzatzeko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide