Koronabirusa

DBH osoko 400 ikasle baino gehiago konfinatu dituzte Ikasbidean

Erredakzioa 2020ko abe. 17a, 16:47

Duranako Ikasbidea ikastetxea, Arratzua-Ubarrundian. / GOOGLE MAPS

Bigarren Hezkuntzako 450 ikasle inguru konfinatu dituzte Duranako Ikasbidea ikastetxean, Covid-19 agerraldi bat atzeman ostean. Osakidetzak baheketa masibo bat egingo du ostiral honetan, ikastetxean bertan.

Duranako Ikasbidea ikastetxeak azken orduetan familiei eta langileei igorritako informazioaren arabera, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza (DBH) osoa konfinatuta dago, Arabako ESIak agindutako prebentzio neurri gisa, hainbat koronabirus kasu atzeman ondoren: guztira, 21 ikasgelatan banatutako 450 ikasle inguru daude etxean konfinatuta.

Osakidetzak baheketa masibo bat egingo du ostiralean, ikasle horiei guztiei PCR probak eginez, eta baita irakaslegoari ere. DBHko aurrez aurreko eskolak bertan behera geratu dira, Arabako ESIak jakinarazi arte. Gabonetako oporrak iritsi bitartean, eskolak telematikoki jarraitzeko asmoa adierazi du ikastetxeak. Gainerako ikasleak eta ikastetxeko langile gehienak, halere, normaltasunez ari dira lanean.

Arratzua-Ubarrundia udalerrian kokatutako ikastetxeak Araba osoko ikasle kopuru garrantzitsu bat hartzen du, eta horietako gehienak autobusez joaten dira eskolara. Hain zuzen ere, posible da birusa garraio publikoaren bitartez hedatu izana, beste arrazoi batzuen artean. Azken hilabeteetan, pandemia dela eta, ikastetxeko familiek behin baino gehiagotan eskatu dute zerbitzua egokitzea.

Oraingoz, etengabeko jarraipena egiten ari dira Osakidetzarekin elkarlanean, eta nobedade guztiak jakinaraziko dizkiete familiei: "Datozen orduetan telefonotik hurbil egotea komeni da", gomendatu dute. Dena den, hurrengo egunetan jakingo da agerraldiaren benetako tamaina.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago