Lanean jarraitzeko akuilua

Anakoz Amenabar 2020ko abe. 6a, 08:00
2020ko Zuia Euskaraz-eko irudia. / Gorbeialdeko euskara zerbitzua

Azken 40 urteetan Zuia euskalduntzeko bidean egindako lanak nabarmendu ditu Oier Azkarragak 'Gurea ere bada' ikerketa lanean; militanteei omenaldia eta "etorriko direnei" ekarpena egin nahi die liburuarekin.

Eugenio Murga ikerketa-bekari esker, Zuian euskarak izan duen bilakaeraren inguruko lana plazaratu berri du Oier Azkarraga herrikideak, "udalerria berreuskalduntzeko norabidean urrats ausartak egin izan dituztenak omentzeko". Gurea ere bada. Zuia euskaldunaren historia laburra liburuak bertatik bertara, barrutik, euskalduntzea bizi izan duten lekukoekin osatutako azken 40 urteetako ibilaldia egiten du.

Orain dela 140 bat urte Zuian ez zen euskararen arrastorik, Arabako beste udalerri askotan bezala, eta ehun urte beranduago berreskuratzen hasi zen. "Bide horretan urrats esanguratsuak egin dituzte zuiarrek, eta hori da liburuan bildu nahi izan dudana; zenbat hobetu den udalerrian euskararen jakintzan eta erabileran", azaldu du Azkarragak ALEA FM saioan.

Euskalduntze prozesuan, bi eragile nabarmendu ditu urteetan egindako lanagatik. Izarrako eskola izan da protagonista nagusietako bat: "Paradoxikoa baldin badirudi ere, Zuian ondoko herriko eskola nabarmentzen dugu, eta ez bertakoa; hori izan da urte askoan gure eskolan euskaraz ikasteko eskubidea bermatua egon ez delako". Ehunka herritarrek zazpi kilometrora dagoen eskolan ikasi dute, nahiz eta herrian bertan eskola izan. "Euskararen zabalkundean asko lagundu du horrek. Hor ikasitako euskarak bermatu du gaur egungo Zuiako gazteek euskaraz jakin badakitela".

Zuian nabarmendu beharreko beste eragile bat euskaltegia izan da, Azkarragaren ustez. Azken urteetan AEKren bitartez eman dituzte eskolak: "Orain dela 40 urte helduak zirenak, eta hortik aurrera ere, gure herriko helduak euskaldundu ditu eta euskalduntzen jarraitzen dute herriko euskaltegian". 

Eragile horiekin batera, besteak beste, Gorbeialdea Kuadrillatik egindako lana azpimarratu du Azkarragak. "Orain dela hamar bat urte erabaki zuten euskara teknikari bat behar zela, eta orduan euskara zerbait sinbolikoa izatetik plangintza batean izatera igaro da, baita udaletxean ere; asko dago egiteko, baina behintzat mahai gainean jarri da euskararen teknikari bat izateko beharra".

Erabilera erronka

Euskalduntzean bidelagun izan diren hamaika lekukorekin elkartu da Azkarraga ikerketa lana egiteko, eta guztiek "erabilera" dute kezka nagusia. "Azken 40 urteetan Zuian euskararen ezagutza asko hobetu da, herritarren erdiak behintzat euskaraz ulertu egiten du, eta horrek esan nahi du zerotik %50era igaro dela. Erabilera ez dago zenbaki horietan, ordea, eta horrek markatzen du euskalgintzak duen erronka zein den", nabarmendu du. "Duela 40 urte ia ezinezkoa zen euskara entzutea gure herrietan, eta gaur egun entzuten da; oraindik erabileran kale egiten dugu, eta horretarako daude Euskaraldia moduko ekimenak, erabileran eragiteko". 2016an Soziolinguistika Klusterrak egindako kale-neurketak jasotakoaren arabera, behatutako hiztun kopuru osotik, %5,8k baino ez zuen erabili euskara.

Horregatik, Euskaraldia moduko ekimenek garrantzia berezia dute Euskal Herrian, haren esanetan, euskara kalean presente izan dadin. "Garaiak gogorrak dira, eta denok ikusi dugu euskarak bere leku bat galdu duela, tartean pandemia dela eta... horregatik euskara presente izan dadin egiten diren lan guztiak beharrezkoak dira".

"Garaipen txikiak"

Herri euskalduna berreskuratze bidean, "garaipen txikiz" osatutako bidea izaten jarraitu beharko duela gogoratu du Azkarragak, eta lan horretan ekarpen xume zein erraldoiekin Zuia euskaldunagoa izan dadin aletxoa jarri dutenentzat da liburua. "Izen batzuk behin eta berriz aipatzen dira liburuan, eta inportantea da azpimarratzea jende horrek Zuian izan duen garrantzia; eskertzekoa da militante sutsu batzuek lortu dutena gure herrian".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide