PepsiCok 14 milioi euro inbertituko ditu Araban

Erredakzioa 2020ko abe. 2a, 11:42
PepsiCo enpresak Etxabarri Ibiñan duen lantegia. / PEPSICO

Etxabarri Ibiñako lantegian 14 milioi euro inbertituko ditu PepsiCo enpresak, %100ean birziklatutako plastikoan joango den lehen edariaren proiektua abiarazteko. Inbertsioak zuzeneko 200 enplegu bermatuko ditu.

Etxabarri Ibiñako lantegiak %100ean birziklatutako plastikozko botilak ekoiztuko ditu, eta, horrela, PepsiCo multinazionalaren iraunkortasun estrategiaren aitzindari izango da. Iragarpenak Arabako plantaren 45. urteurrenarekin kointziditu du, eta 2020. urtea bere historiako inbertsio handienarekin amaituko du enpresak.

Enpresak Araba aukeratu du inbertsio garrantzitsu hori egiteko, "jasangarritasunarekin eta ingurumenarekiko errespetuarekin dagoen sentsibilitateagatik", Europako hego-mendebalderako PepsiCoko zuzendari nagusi Narcis Rourak azaldu duenez. Izan ere, 14 milioi euro inguru inbertituko dituzte Araban, eta horrek zuzeneko 200 enplegu bermatzen lagunduko du; gainera, etorkizunean lanpostu gehiago sortzea aurreikusi dute.

Etorkizunera begirako inbertsioa

Inbertituko diren 14 milioi euro horietatik, 2 milioi euroko partida nabarmendu dute, plastiko birjina ezabatzeko eta horren ordez %100ean birziklatutakoarekin ordezteko. 3 milioi euroko beste partida bati esker, latak biltzen dituzten plastikozko uztaiak kenduko dituzte, hemendik aurrera kartoia erabiltzeko.

Instalazioetan eta makinetan ere hobekuntzak egingo dira; besteak beste, %100ean birziklatutako plastikozko botila ekoizteko haize-makina bat instalatuko da, eta horrek energiaren kontsumoa %30 aurreztea ahalbidetuko du. Konpainiaren produktu nagusia eta erreferentzia Pepsi kola freskagarria da, baina 170 produktu inguru botilaratzen ditu Araban.

Orain arte, PepsiCok %50ean birziklatutako plastikozko botilak erabili ditu Pepsi, Kas edo 7UP produktuen hainbat botilatan. Orain, %100ean birziklatua izango da Pepsi kola edarien kasuan, baina ontzietarako paper birziklatua erabiltzeko helburuarekin urrats gehiago ematen jarraitzea aurreikusi dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide