Arlobi, Gorbeiako handiari bisita

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2020ko aza. 29a, 10:00

Txango lasai baten helburua izan daiteke Arabako Gorbeialdeko menhir handiena ikustea; Arlobiko monolitora hurbiltzeko Sarriatik ateratzen da bidea, Baia ibaiaren kontrako norabidean.

Arlobiko monolitoa dagoen lekura iristeko aukera ugari daude, baina biderik errazena Sarriako parke naturaleko harrera-etxetik abiatzen da, Baia errekari kontra eginez. Hainbat zubi eta etxe pasa eta gero, Arlobiko zubira iristen da pista; leku horretan batzen da Arralde ibaiarekin Padrobaso erreka, eta biek sortzen dute Baia ibaia. 

Bidea jarraitu behar da, eta aurrerago eskuinera hartu, maldan gora, Arlobiko txabolaren ondotik igaro eta izen bereko gailurrera heldu arte. Arlobi mendiaren (885m) ipar-ekialdetik berrehun bat metrora, Illunbeko gainetik banatzen duen mendi-lepora jaitsiko da pixkanaka bidea, Usotegietatik beherantz doan kordalera, eta hementxe aurkituko dugu menhirra. 

Zailtasunik gabe

Zailtasunik ez duen txangoa da hau. Covid-19aren pandemiaren harira ezarritako murrizketak ahalbidetuz gero, Gorbeiako inguruak ezagutzeko eta paisaia zabalak gozatzeko aitzakia izan daiteke, baita Gorbeian ugariak diren eraikuntza megalitikoetako bat ezagutzeko ere.

Entziako mendilerroan Akarteko menhirra aurkitu zenetik gaur arte, Araban guztira 61 monolito erregistratu dituzte. Horietatik 24k menhirren ezaugarriak dituzte, beste 13 monolito ustezkoak edo zalantzazkoak dira eta gainerakoak bloke harritsuak dira, besterik ez. 

Arlobiko trikuharriak Arabako menhirren ezaugarriak ditu: prisma formakoa da, oso zabala eta izugarri altua. Gainera, ohikoa denez, garraiatua izan zen. Bostehun metrora dagoen Usotegieta mendiaren magaleko Illunbe gainean dauden hareharrizko sail handietatik jaitsi zuten Arlobiko lepora, "gune bien artean sortzen den alde handia aprobetxaturik".

2002tik ezagutzen da

Ofizialki, 2004ko martxoaren 20an aurkitu zuten Oier Suarez Hernandok, Miguel Martinez Fernandezek eta Luis M. Martinez Torresek, eta hilabete horretan bertan Arabako Arkeologia Museoan erregistratu zuten. 

Nolanahi ere, badira harri honi buruzko aspaldiko albisteak, Luis Millan gipuzkoarrak gidatutako talde batek Sarriako lurretako alde hau miatu eta monolitoa aurkitu baitzuen, nahiz eta ez zuen ofizialki aurkikuntza horren berririk eman. 

2002. urtera arte alde hau sastrakak hartua zegoen eta harria nekez ikus zitekeen. Gaur egun, Gorbeiako estazio megalitikoaren parte da Arlobi. Guztira, 16 trikuharri, eta 7 menhirrek osatzen dute multzoa. Zatirik handiena Bizkaian kokatzen bada ere, Araban ere hiru trikuharri  –Ganbidea, Oketa eta Luberri– eta hiru menhir daude –Arlobi, Pagozarreta eta El Gizon–.

Galdera asko

Ikerketa arkeologiko gehiago falta dira Arlobiko monolitoaren inguruan, oraindik argitzeke baitago zein une kronologikotan eta kulturaletan kokatu zuten bertan. Beste alderdi interesgarri bat, sakon aztertu beharrekoa, harriaren inguruan jasotako ikatz kopuru handia eta harrizko egiturak dira, bistakoa baita eremutik gertu giza kokagune motaren bat izan zela.

Arabako Gorbeian beste bi menhirrak ezagutu nahi izanez gero, Zuiatik atera gabe baina Bizkaiko Orozko udalerriarekin mugan, Pagozarretakoa dago, Oderiaga mendiaren magalean altxatuta. El Gizon, berriz, Zigoitiko udalerrian dago, Etxaguen herriko Oketa mendiko hego-mendebaldeko zelaian, tontorretik 200 bat metrora. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide