Zuiako osasun zentro berria argia ikusteko prest dago

Erredakzioa 2020ko aza. 24a, 10:51
Zuiako osasun zentro berria, Murgiako Aiurdin kalean. / ZUIAKO UDALA

Zuiako Udalak hamarkada luze batez egin du lan udalerrian osasun zentro berria lortzeko. Gainera, eraikin berria Murgiako erdialdean eraikitzeko lursailak erosi behar izan ditu, Osakidetzari lagatzeko.

Duela urtebete baino gehiago Osakidetzaren "inolako jakinarazpenik jaso gabe" izan bada ere, Zuiako Udalak jakinarazi du, "zantzu guztien arabera", laster irekiko dela udalerriko osasun zentro berria. "Azken egunetan, eraikuntza enpresak eta gremioak desagertu egin dira, Udaleko teknikariek ikuskapena egin dute, eta kartelak  jarri dira zentroaren sarreran", azaldu dute.

"Nahiz eta informazio ofizialik ez izan, badirudi iritsi dela Zuian azken hamarkada honetan hainbeste borrokatu dugun unea", ospatu du Zuiako Udalak, Eusko Jaurlaritzaren osasun erakundeari kritika ahaztu gabe. "Gure herritarren lorpen handia da, eta, azkenean, instalazio duinak izango dituzte".

Gainera, Unai Gutierrez Urkiza alkateak adierazi duenez, "albiste ona" da zentroko langileentzat ere, aurrerantzean "beren profesionaltasunarekin eta egiten duten lanarekin bat datorren lekua izango baitute".

Gune berria, Murgian

Murgiako Aiurdin kalean kokatutako osasun-etxe berriak egungo anbulatorioak dituen gabezia larriak konpontzeko helburua du; batez ere, espazio faltari dagokionez. Gainera, erabat irisgarria da eta 540 metro koadroko azalera du solairu bakar batean.

Osasun zentroa bi eremutan banatuta dago: alde batetik, Familia edo Lehen Mailako Arreta, eta, bestetik, Arreta Pediatrikoa. Lehenengoan, medikuntzarako bi kontsulta eta erizaindegirako beste bi eraiki dira. Arreta Pediatrikoan, berriz, itxarongela bat, haur-kotxeetarako beste gela bat, erizaindegiko kontsulta bat, medikuntzarako beste bat, eta, azkenik, jolaserako gune bat. Horrez gain, herritarren arretarako beste gela komun bat eta langileen prestakuntza jardueretarako beste bat izango du.

Zuia eskualdeko herriburua dela kontuan hartuta, instalazioak Etengabeko Arreta Gunearen (EAG) zerbitzuaren guardiak egin ahal izateko egokitu dira. Kanpoaldean aparkaleku bat eraiki da, anbulantziek eta langileek erabiltzeko, eta hainbat aparkaleku egokitu dira ezgaitasunak dituzten pertsonentzat. Gainerako erabiltzaileek, aldiz, Aiurdin kalean daudenak erabili ahal izango dituzte.

Zentroa eraiki den lursaila Murgiako erdialdean dago. Zuiako Udalak erosi behar izan zuen Osakidetzari uzteko. "Udal honek ahalegin handia egin du Zuia bere premiekin bat datorren osasun zentro batez hornitzeko", azpimarratu du alkateak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide