Astoen onurak ezagutarazten

Mirian Biteri 2020ko aza. 15a, 08:00

Arabak elkarte berria du uztailetik: Enkarterriko astoen bidez terapia eskaintzea helburu duen Astoburua elkartea. Animaliak lanean jarri aurretik, baina, ingurune berrira ohitu behar dira, eta horretan buru-belarri dabiltza.

Eguerdia da eta Rutxo, Ona eta Aspe Urrunagako zelai batean lasai asko daude. Gaua gogorra izan da, gogotik egin du euria, eta aterpea duten arren, nahiago izan dute egurats gorrira ateratzea eta goitik behera bustitzea. Dagoeneko siku daude. Alba Casasola beraiengana gerturatzen ikusi dute, burua belarretik altxatu dute eta pozarren jarri dira astoak, badakitelako ibilalditxoa datorrela jarraian. Astoburua elkarteko protagonistak dira Rutxo, Ona eta Aspe. Aurtengo uztailean sortu den elkartekoak, asinoterapia sustatzea helburu duen elkartekoak.

Teknikari soziokulturala izateaz gain, animaliekin lagundutako esku-hartzeetako teknikaria ere bada Casasola. Nafarroako Gure Sustraiak izeneko baserri-eskolan egindako formakuntza ikastaro batean izan zuen asinoterapiaren berri eta, jarraian, Araban diziplina hori bultzatzeko elkarte bat martxan jartzea bururatu zitzaion: "Astoekin maitemindu nintzen. Beti izan ditut gustuko animaliak, eta bereziki zaldiak. Azken horiekin lan egitea diziplina ederra iruditzen zait, baina ikastaro horren bitartez konturatu naiz zaldiekin egindako lana osatzen dutela astoek". 

Alba Casasola: "Ume txikiekin edo mugikortasun arazoak dituztenekin hobeto egin daiteke lan".

Gainerako animaliekin alderatuta, bi berezitasun nabarmen dituztela aipatu du: tamaina, batetik; eta izaera, bestetik. Tamainari dagokionez, zaldiak baino txikiagoak direnez, gutxiago ikaratzen dutela uste du Casasolak: "Ume txikiekin edo mugikortasun arazoak dituztenekin hobeto egin daiteke lan. Zaldiak handiagoak dira, eta gehiago beldurtzen dute, eta txakurrekin egindako lana teknikoki nekezagoa da". Izaeraren inguruan, astoak zaldiak baino lasaiagoak direla aipatu du: "Zaldi bat beldurtzen denean, ihes egingo du; asto baten kasuan, errazagoa da geldirik jarraitzea".  

Enkarterriko astoak

Nafarroako baserri-eskolan egindako ikastaroa amaitzean, ikertzen hasi zen. Kanariar uharteetan astoekin lan egiten duen elkarte batekin jarri zen harremanetan, eta, beste kontu askoren artean, Enkarterrietako astoak zituztela jakinarazi zioten. Oso arraza aproposa iruditu zitzaion, elkartean egiteko lanari begira eta baita desagertze bidean dagoen asto arraza bati laguntzearren ere: "Gaur egun, Enkarterriko 400 asto baino gutxiago daude eta garrantzitsua iruditzen zaigu arraza horri bultzada ematea". Elkarteak, esan bezala, hiru asto gazte ditu. Rutxo gazteena da, irailean urtebete egin zuen ohiko astotxoak; gero Aspe eta Ona daude, 2019ko udaberriko eta udako Enkarterriko arrazako emeak.  

"Guk beraiek oso ondo ezagutu eta astoek ingurunea ahalik eta ondoen ezagutzeko esfortzu berezia egiten gabiltza orain".

Casasolak azaldu du orain astoak formatzen dabiltzala; kalkulatzen du, gutxienez, urtebete beharko dutela animaliak ohitzeko. "Ez dugu presarik. Guk beraiek oso ondo ezagutu eta astoek ingurunea ahalik eta ondoen ezagutzeko esfortzu berezia egiten gabiltza orain. Horrez gain, funtsezkoa da astoak jende eta espazio berrietara ohitzen joatea; lortu behar duguna da norbait berriarekin egoten direnean edo toki berri batera joaten diren bakoitzean beldurtu ez daitezen, bestela ezinezkoa izango da lan egitea. Guzti hori animalien ongizatea alde batera utzi gabe lortu behar dugu. Oraingoz oso pozik gaude, udatik hona asko aurreratu dugu eta".  

Bi terapia mota

Eta ohitu ostean, zer? "Orduan, astoek horretarako balio badute, asinoterapia eskaintzen hasiko ginateke. Hau da, astoekin bitartez terapia eskaintzea", erantzun du Urrunagako teknikariak. Bi terapia mota daudela jakinarazi du: batetik, helburu ludikoa duten ekintzak daude, informazio jakin bat lortzeko erabiltzen direnak. Hau da, arlo soziokulturalarekin lotutako ekintzak egitean datza, gainerako pertsonak hobeto ezagutu ahal izateko eta talde-lana indartzeko. Bestetik, animalien laguntzarekin egiten diren esku-hartze terapeutikoak daude. Azken hauetan profesionalek ere hartzen dute parte; hain justu ere, osasungintzan, irakaskuntzan edo gizarte arloetan formatuta dauden lagunak: "Esate baterako, lesio, garun-paralisi edo dena delakoagatik, pertsona batek fisioterapia behar badu, lan horren zati bat astoen bitartez egin ahalko dugu, mugimen mehea edo larria lantzeko aukera eskainiko digutelako. Eta testuingurua guztiz ezberdina da", azaldu du Casasolak. Kasu honetan, animaliekin lagundutako esku-hartzeetako teknikaria animaliaz arduratuko litzateke, eta profesionala, berriz, erabiltzaileaz. 

Terapien iraupenari dagokionez, ordu erdi eta ordu eta erdi artekoak izaten direla gogoratu du. Laburrenak umeekin egiten direnak izaten dira; ordubetekoak eta luzeagoak familiekin garatzen direnak. Ekintza moten arabera luzeagoak edo motzagoak izan daitezke. Amaitu aurretik, gainera, egindako guztia aztertzeko eta komunean jartzeko denbora beharko da. 

Erabiltzaileengana jo

Rutxo, Ona eta Aspe prest daudenean, terapiekin hasiko da Astoburua elkartea. Gainerako animaliekin egiten diren saioekin alderatuta, honetan bada berezitasun nabarmen bat: hain justu ere, astoak erabiltzaileak dauden tokira mugitu ahal direla. Casasolak azaldu du hasiera batean ez zutela Urrunagan zerbitzua eskaintzeko asmorik, ondo prestatutako eta egokitutako azpiegiturak behar direlako, besteak beste. "Baina, proiektua mugitzen hasita, ideia asko jasotzen ari gara eta birplanteatzen ari gara". 

Gainerako animaliekin egiten diren saioekin alderatuta, honetan bada berezitasun nabarmen bat: hain justu ere, astoak erabiltzaileak dauden tokira mugitu ahal direla.

Abiapuntuko asmoa, dena dela, atoi txiki baten laguntzaz, astoak inguruko ikastetxeetara eta arlo ezberdinetako administrazioetara eraman ahal izatea da: "Ikusteko dago, dena den, animaliak sartu ahal izango ditugun horietara, arazoak daudelako. Baina saiatuko gara lortzen, denetarako dago lehen aldi bat". Behin oztopoak gaindituta, gizarte-bazterkeria jasateko arriskuan dauden edo desgaitasunen bat duten taldeekin lan egin ahal izatea etorriko litzateke; alegia, autismoa, downen sindromea, garuneko paralisia edo desgaitasun fisiko edo intelektualen bat duten pertsonekin.

Abaniko hori guztia elkarteen bidez landu nahi dute, "beraiek baitira pertsona horiekin lan egiten dutenak". Horrekin lotuta, Casasolak azpimarratu du terapiak "pertsonen egunerokotasunean" sartu nahi dituztela: "Hori erraztea eta ahalik eta pertsona gehienengana iritsi ahal izatea da helburu nagusia. Adibidez, adinekoen egoitzetan pentsatzen ari naiz. Horietako askok aire libreko espazioak dituzte, eta animaliak eraman ahal izateak onura asko ekar diezazkieke bertakoei".

Terapiez gain, bigarren helburu bat ere badu elkarteak: animaliekin lagundutako esku-hartzeak zabaltzea ere bilatzen du. Formazioari dagokionez, hezkuntza arloan, goi mailako ikasketak baino ez daudela aipatu du. "Lanean jarraitu behar da asinoterapiak zientifikoki pisua har dezan eta hobby gisa kontuan har ez dadin; gizakien eta animalien arteko elkarreraginak dituen onura guztiak aprobetxa daitezen bilatzen dugu. Eta, beti bezala, lan osagarria. Esku-hartze horiek ez dute ezer ordezkatzen, osagarriak dira eta pertsonen bizitza hobetzeko lanei ekarpena egiten diete", azpimarratu du.  

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide