Hildako bat AP-1ean, hainbat ibilgailuren arteko istripuagatik

Erredakzioa 2020ko azaroaren 11

Argazkia: @BomberosEuskadi

6:30ak aldera, hainbat ibilgailuren arteko talka anizkoitza gertatu da AP-1ean, Arratzua-Ubarrundian, Gasteizko noranzkoan. Gizon bat hil egin da, eta autobidea itxi dute Eskoriatza eta Lukuko ordainlekuen artean.

Antza denez, autobus baten eta bi autoren arteko istripu larria behe-laino trinkoaren ondorioz gertatu da Izuskiza eta Lukuko tunelen artean; hainbat iturriren arabera, ibilgailuetako batek mikrobus baten aurka talka egin du AP-1eko 109 kilometroan. Hala ere, arrazoiak oraindik ikertzen ari dira.

Larrialdi zerbitzuak berehala bertaratu dira; besteak beste, Gasteizko eta Zubillagako suhiltzaileak. Mikrobusean zihoazen bidaiariak ez dira zauritu, baina auto bateko gidaria hil egin da.

8:30ak aldera, AP-1 autobideko Isuskitza eta Lukuko tunelen arteko zatia itxita geratu da Gasteizko noranzkoan. Ertzaintzako trafikoko agenteak Eskoriatzako lehen irteeratik desbideratzen ari dira zirkulazioa.

Beste istripu bat N-622an

Ordubete lehenago, 5:20ak aldera, beste istripu bat jazo da N-622 errepidean, kamioi baten eta auto baten artean; bi zauritu izan dira, eta Santiago ospitalera eraman dituzte.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago