Desjabetuon Hotelaren alde mobilizatu dira Legution

Erredakzioa 2020ko urr. 20a, 14:00
Desjabetuon Hotelaren aldeko azken mobilizazioa Legution. / GEDAR.eus

Desalojo arriskuan dago Legutioko Desjabetuon Hotela, hamar hilabeteko ibilbidearen ostean. Gurea klase elkartasuna lelopean, okupatutako espazioaren aldeko mobilizazioa egin zuten asteburuan.

Legutioko espazio okupatuko kideek irailean iragarri zutenez, Desjabetuon Hotela desalojatzeko salaketa aurkeztu du eraikinaren jabe Lerimonte S.L. enpresak. Espazioa husteko agindua hilabeteko epean gauzatu zitekeen, eta, beraz, edozein momentutan iritsi daiteke desalojoa.

Iragan larunbatean, urriaren 17an, ehun pertsona baino gehiago bildu ziren Legution deitutako manifestazioan, Desjabetuon Hotelari "klase elkartasuna" adierazteko desjabetze arriskuaren aurrean.

Mobilizazioa herriko plazan hasi eta herriko kaleetatik igaro zein, gaur egun Desjabetuon Hotela den eraikinaren aurrean amaitu aurretik. Bertan, "klase elkartasuna praktikan jartzeko eta langile kontrolpeko espazioak defendatu ahal izateko mekanismoen sorrera eta mantenua" aldarrikatu zituzten.

Duela hamar hilabete baino gehiago, iragan abenduan, Legutioko mugimendu sozialistak 15 urte hutsik izandako eraikina okupatu zuen, eta, ordutik, "proiektu sozialista indartzeko eta klase elkartasuna antolatzeko" espazioa izan dela azaldu dute. Izan ere, Ikasle Abertzaleak eta Gazte Koordinadora Sozialista erakundeen jarduera garatzeko espazioa izateaz gain, lehen mailako elikagai eta produktuen bankua ere abiatu dute bertan, besteak beste.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide