Zuiak izoztu egin ditu 2021erako tasa eta zerga gehienak

Erredakzioa 2020ko urr. 19a, 12:25
Iraunkortasunean oinarritutako araudi baten aldeko apustua egin du Zuiak. / ZUIAKO UDALA

Soilik hiru aldaketa ezarri ditu Zuiako Udalak 2021erako tasa eta zergetan: gehien zigortutako kolektiboei laguntzeko OHZri %90eko hobaria emango zaio, gehiegizko ur-kontsumoa zigortuko da eta zabor-tasa %4 igo da.

Zuiako Udalak bere azken osoko bilkuran onartu du datorren urterako tasa eta zergen ordenantza berria, gobernu taldearen botoekin EH Bilduk gehiengoa du, sei ordezkarirekin. Udalerriaren egoera sozioekonomikoa aztertu ondoren, "progresibotasun eta iraunkortasun irizpideetan" oinarritutako araudi baten aldeko apustua egin du Udalak.

Diru-sarrerak murriztu egingo direla onartu du Udalak, baina onartutako ordenantzak tasa eta zerga gehienak izoztuta mantenduko ditu 2021. urtean, eta soilik hiru aldaketa ezarri dira.

Lehenik eta behin, ondasun higiezinen gaineko zergaren koefizientea 0,26tik 0,28ra igo da, eta hobariak %90era iritsi ahal izango dira, "gehien zigortutako pertsona eta kolektiboei laguntzeko".

Bestalde, ur-tasa izoztu egin da egungo prezioei eutsiz, baina kontagailuen irakurketa gehiago egingo dira; urteko bi irakurketen ordez, hiru egingo dira lau hilean behin. Horrela, atzeman gabeko ihesak "errazago" topatzeko asmoa du Zuiako Udalak. Gainera, urritasun handieneko udako hilabeteetan, giza horniduraz bestelako erabileretara bideratzen den gehiegizko ur-kontsumoa zigortuko da.

Zabor-tasa %4 igo da: etxe bakoitzak 3,07 euro gehiago ordainduko ditu urtean hondakin guztiak bildu eta kudeatzeagatik. Igoera horrek Zuiako Udalaren gain metatutako %32ko defizita murrizteko helburua du; horren kostua guztiz ordaintzeko, etxe bakoitzak 25 euro ordaindu beharko lituzke urtean.

Hala ere, 2021erako zaborren tasan, %50eko murrizketa onartu da ostalaritzarako, "krisia gehien pairatzen ari den kolektiboetako baten egoera arintzeko".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide