Arratzua-Ubarrundia eta Zigoitiko Udalek hondakin gune berriak arbuiatu dituzte

Mirian Biteri 2020ko ira. 27a, 08:00

Zaborra kudeatzeko duten zailtasunez ohartarazi dute.

Oraingoan, Arratzua-Ubarrundia eta Zigoitiko Udalak izan dira zaborra edonon uzten dutenen jarrera salatu dutenak. Aste honetan kaleratu duten ohar bateratu batean, udan agertutako zabor gune berriak salatu dituzte: "Gune horietan, askotariko hondakinak botatzen dira, gehienak gure udalerrietako aisialdi eta atseden-guneetako erabiltzaileek utzitakoak". 

Horrekin lotuta, azaldu dute gehienetan, areketan edo lursailetan uzten dutela zaborra, bide publikoan, edukiontzietatik kanpo, edo, Arratzua-Ubarrundian, Landa eta Uribarri Ganboako urtegitik hurbil dauden aisialdi-guneetarako sarbideetan.

"Zailtasun handiak"

Gogor arbuiatu dute "bereziki uda garaian" aipatutako bi udalerrietara joaten diren herritarren jokaera, eta ohartarazi dute arazoak izan dituztela puntu horiek kudeatzeko, biltzeko eta garbitzeko: "Gure udalerrien ezaugarriak eta toki-administrazioek dituzten giza baliabideen eskasia direla eta, zailtasun handiak ditugu horiek azkar eta eraginkortasunez kendu eta garbitzeko orduan".

Jakinarazi dute kasuren batean salaketa formalak jarri dituztela horrelako gertaeren aurrean, "bizikidetza eta errespetu-arau oinarrizkoei kasurik egiten ez dieten pertsonak zigortuak izan daitezen". Gogorarazi dute, gainera, horrelako hondakinak kutsadura-foku "larriak" direla, eta "eragin handia" dutela biodibertsitatean, ekosistemetan, lurzoruan eta baita osasunean ere.

Zentzuz jokatzeko deia

Hori dela eta, Arratzua-Ubarrundia eta Zigoitiko Udalek zentzuz jokatzeko dei egin diete udalerri horietan bizi diren herritarrei edo bertara joaten diren lagunei.  Horrekin batera, honakoa gaineratu dute: "Ingurumenarekiko, ingurunearekiko eta elkarrekin bizi garen pertsonekiko errespetua eta erantzukizuna eskatzen dugu, horrelako egoerak berriro gerta ez daitezen".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide