Araban zehar urtero antolatu ohi diren ekitaldi kultural guztietan bezala, irailaren 12ko Zigoitia Euskaraz erabat baldintzatu du Covid-19aren pandemiak. Hala ere, "ahalegin handia" egin du antolakuntza-taldeak, jarduerak egoera berrira egokitzeko eta zigoitiarrek ahalik eta festarik ederrena izan dezaten.
Aurreko urteen aldean, aldaketa ugari ditu aurtengo egitarauak. Ez da Mairuelegorretako haitzulora ibilaldirik egingo, ezta herri bazkaririk ere; baina Zigoitia Euskaraz jaialdiaren izaerari eusteko ahalegina nabarmendu du Udalak:
- 16:00etan bizikleta martxa hasiko da Olanon, eta 19:00etan amaituko da Bengolarran. Erreleboka izango da, eta 10 laguneko taldeek egin beharko dute ibilbidea, bakoitzak herri batetik besterako tartea eginez. Aldez aurretik izena eman behar da kultur etxean, irailaren 10a baino lehen. Jarraibide guztiak Zuiako Udalaren webgunean daude ikusgai.
- 19:00etan Trakamatraka taldearen emanaldia egongo da Bengolarran, era guztietako objektuekin egindako musika saioa.
- 21:00etan Zigoitia Euskaraz 2020 filma estreinatuko da Bengolarran. Hurbiltzen direnek Zigoitiko eta kanpoko kultur taldeen emanaldiak aurkituko dituzte, bertatik bertara.