Arabarron memoria

Gerra Zibilari buruzko indusketa arkeologikoak abiatu dituzte Oketan eta Burbonan

Mikel Buruaga 2020ko uzt. 27a, 13:20
Oketa mendiaren gailurrean hiru zundaketa arkeologikoen indusketa hasi da. / JOSU SANTAMARINA

Uztailaren 27tik abuztuaren 10era arte, Gerra Zibilari buruzko zundaketa arkeologikoak egingo ditu EHUko ikerketa talde batek Gorbeiako Parke Naturalean; zehazki, Oketa (Zigoitia) eta Burbona (Zuia) mendietan.

Pandemiak eta segurtasun neurriek baldintzatuta gauzatuko badira ere, Gerra Zibilaren aztarnak ikertuko ditu EHUko talde batek Gorbeiako Parke Naturalaren bihotzean. Izan ere, uztailaren 27an, hiru zundaketa arkeologikoren indusketa hasiko da Gorbeia Txiki bezala ere ezagutzen den Oketa mendiaren gailurrean, Zigoitiko udalerrian.

Duela 84 urte, 1936 eta 1937 urteen artean Euzkadiko Gudarostearen borrokalariek egindako hainbat eraikinen aztarnak kontserbatzen dira Oketan, mendiaren gailurrean: sigi-saga forma duten lubakiak, tiro-postu aurreratuak, babeslekuak eta harrizko hainbat etxola, besteak beste.

1936 eta 1937 urteen artean Euzkadiko Gudarostearen borrokalariek egindako hainbat eraikinen aztarnak kontserbatzen dira Oketan

Guda-Otsak: Gerra Zibilaren kanpo-fronteari buruzko ikerketa arkeologiko-patrimoniala Euskal Herrian (2019-2020) izenburu duen proiektuaren koordinatzaile Josu Santamarina Otaolak azaldu duenez, Oketa mendiaren gailurrean, 1.000 metro baino gehiagoko altueran, hamar etxola inguru kontserbatzen dira gaur egun.

"Eraikin hauek Oketako harearriz eginda daude, inguruan mende luzez preziatua izan den materialaz, alegia. Iparrari begira daude, eta, beraz, euskal gudari eta milizianoentzako babesleku traketsa izan beharko zuten 1936tik 1937rako neguan zehar".

Santamarinak koordinatutako ikerketa taldeak, esaterako, Gasteizko Katedral Zaharraren berreskuratze lanak garatu izan ditu urte luzez, eta interbentzioak Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren finantzaketari esker garatuko dira, baita Ondare Eraikiari buruzko Ikerketa Taldearen (EHU) baliabide teknikoei esker ere. Era berean, talde arkeologikoarekin batera, Zigoitiko Abadelaueta elkarte etnografikoaren lankidetza ezinbestekoa izango da.

Hasiera batean, proiektu handiagoa aurreikusi zuten, EHUko ikasle ugarien parte hartzearekin, baina, azkenik, proiektua "eskala txikiagoan, talde mugatuago batekin eta osasun neurri zorrotzekin" landu behar izango dutela azaldu dute. Hala ere, osasun baldintzek ahalbidetuko balute, bisita gidatu txikiak egiteko aukera zabalduko dute.

Lubaki baten hondarrak Oketa mendiaren gailurrean. / JOSU SANTAMARINA

 

Arabako lehen frontea

Hasiera batean, Zigoitiko iparraldean, Etxaguen herriaren gainean, kokatutako mendi hau 1936ko uztailaren 18an estatu kolpea eman zutenen posizio aurreratua izan zen. "Militar altxatuak eta erreketeak izan ziren Oketa mendiaren okupatzaileak gerraren lehen uneetan; hilabete horietan nahasmena nagusi zen, frontea oraindik lausoa zelarik eta errepresioa gori-gorian zegoelarik", azaldu du Santamarinak.

1936ko azaroaren azken egunean, Euzkadiko Gudarosteak erasoari ekin zion, Legutioko Gudua bezala ezaguna den pasarte historikoan. Erasoaren helburua Gasteiz hartzea zen, bertatik Miranda Ebroraino heltzeko. Hala ere, indar errepublikanoek ez zuten arrakasta handirik lortu eta milaka zauritu eta hildako izan ziren abenduan zehar. Hilabete horren amaieran, Euzkadiko Gudarosteak erasoari amaiera eman zion, garaipenik gabe; baina, gutxienez, Oketa berenganatzea lortu zuten.

Horrela, Euzkadiko milizianoak izan ziren Oketa defendatu eta gotortu zutenak, 1936ko abendutik 1937ko apirilera arte. Bost hilabete horietan zehar, 1.000 metro baino gehiagoko altueran, CNT sindikatu anarkistaren batailoiek Gorbeia Txiki euren posizio indartsu bihurtu zuten, eta, bertatik, Arabako Lautada osoa kontrolatzen zuten.

1937an, Francok euskal frontea hautsi egin zuen Arabatik; erreketeek eta tropa marokoarrek Oketa hartu zuten

"Epealdi horretan, nahiko ezezaguna baina zeharo garrantzitsua izan zen pertsonaiaren bisita jaso zuten Oketako borrokalariek: Cecilia Garcia de Guilarte gerra-kazetariarena, CNT del Norte egunkarikoa", gogoratu dute indusketaren sustatzaileek. "Kazetari honek oso modu argian deskribatu zuen Arabako lehen frontearen bizimodu gogorra, noiz eta gainera negu betean, altuera handian, eta laster emango zen erasoaldi frankista baten zain".

Izan ere, 1937ko martxoaren 31n, Francok euskal frontea hautsi egin zuen Arabatik; egun gutxiren ostean, erreketeek eta tropa marokoarrek Oketa hartu zuten.

Euskal milizianoak borrokan, Oketako mendietan (1936-1937). / JOSU SANTAMARINA

 

Gerra-postu bateko eguneroko bizitza

Josu Santamarina arkeologoaren arabera, zundaketa hauek helburu bikoitza dute: "Alde batetik, 1936an eta 1937an Oketan emandako borrokaldiak dokumentatzea, baina, bestetik, baita lehen lerroan eta altuera handian kokatutako gerra-postu bateko eguneroko bizitza ezagutzea ere".

Zundaketek altuera handiko gerra-postu bateko eguneroko bizitza ezagutzea dute helburu

Harrizko etxolen kontserbazioa "oso ona" da, Santamarinaren aburuz, eta guztiek "nolabaiteko herrixka milizianoa" osatzen dute. "Gerra-herritxo honetan, mendiaren gailurrean bertan, ehunka soldadu izan ziren negu osoan zehar, eta hori zeharo berezia da: normalean, altuera horretan ez dago gizakientzako bizitokirik, eta are gutxiago neguan bizitzeko", azpimarratu du proiektuaren koordinatzaileak.

Euskal Herrian zehar altuera handiko bizitokiak Neolitotik existitzen direla gogorarazi du Santamarinak, artzainen etxolak kasu: "Baina hauek udarako postuak izan ohi dira, inoiz ez negurako. Hori soilik hemen ikus daiteke: Gorbeiako Parke Naturalaren erdigunean".

Metrailadore habiaren hondarrak Burbonan. / JOSU SANTAMARINA

 

Burbonako metrailadore habia

Euskal Herrian arkeologikoki ikertuko den gudu-zelai altuenetako bat izango da Oketakoa, baina abuztuaren lehen astean zehar, Burbona mendia izango da Josu Santamarinaren proiektuaren barruan arkeologiaren bidez ikertuko den beste gunea; hau ere Gorbeiako Parke Naturalean dago, Sarriako Parketxe ezagunetik nahiko hurbil (Zuia).

Oketa bezala, Burbona mendiak 1.000 metroko altuera du, gutxi gorabehera, baina bere paisaia zeharo desberdina da, arkeologo taldearen arabera: "Altuera garaieko larreak izan ordez, Burbonako lubaki errepublikanoak pagadi eder batean kokatzen dira. Zuhaitzen artean, Euzkadiko Gudarostean posizio aurreratua antzematen da, perimetroa mugatzen duen lubaki-lerro luze batekin, hainbat tiro-postuekin eta kobazulo artifizala den babesleku antiaereo batekin".

Euskal Herriko "bunker organiko eta ekologiko bakarra" da Burbonakoa

Burbonan ez zen borrokaldirik eman Gerra Zibilean, baina bertan egingo den zundaketaren helburua metrailadore habi bat dokumentatzea da; arma automatikoak erabiltzeko egitura babestua, alegia. "Egitura horren berezitasuna zera da: ez da zementuzkoa, Gerra Zibilean eraiki ziren gehienen antzera, baizik eta zurez eta lurrez egindakoa", azaldu dute. "Baliteke Burbonakoa Euskal Herrian kontserbatzen den zurezko eta lurrezko metrailadore habi bakarra izatea".

Izan ere, zementuzko egitura ugari gaur egunera arte mantentzen diren arren, askotan, baliabide edo denbora faltagatik askoz eskuragarriagoak ziren materialez egiten ziren, egurra eta lurra erabiliz. "Erreferentzia dokumentalak ugariak izan arren, materialak hilkorrak izanik, mota horretako egiturak normalean galdu ohi dira; kasu honetan izan ezik, Burbonan", nabarmendu du Josu Santamarinak; Euskal Herriko "bunker organiko eta ekologiko bakarra" da Burbonakoa.

Aire-erasoen aurkako babesleku baten hondarrak Burbonan. / JOSU SANTAMARINA

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide