Jaurlaritzaren "komunikazio falta" salatu du Aramaioko Udalak

Erredakzioa 2020ko uzt. 20a, 17:20
Udalekuak bertan behera uztea erabaki dute. / Goiena

Udalekuak bertan behera utzi dituzte eta Eguneko Zentroa irekita mantenduko dute.

Larunbatean jakinarazi zuen Eusko Jaurlaritzak, hedabideen bitartez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako adinekoen egoitzetan irteerak murriztu eta eguneko zentroak eta udalekuak ixtea erabaki zuela, eta horren berri gaur arte ez ematea salatu du Aramaioko Udalak. Mezu hori entzun ostean, ezer ofizialik jaso gabe, gaur jakin dute momentuz gomendioak direla bakarrik.

"Udal bezala adierazi nahi dugu gauzak horrela ezin direla kudeatu, ezin da komunikabideetan mezu bat zabaldu udalen eskumenak diren gauzen inguruan udalekin komunikatu gabe. Gainera, beste behin ere asteburuan", salatu dute udal gobernuaren izenean argitaratu duten adierazpenean. 

Albiste horren aurrean, gomendioak zirela jakin aurretik, elkartu eta erabaki bat hartu zuten Aramaion. "Kudeaketa on eta zentzuzko batentzako tarterik gabe, eta beste behin ere inprobisatzen eta jakinda familien kontziliazio eta behar emozionalak airean geratu direla, ardura sozialetik udalekuak bertan behera uztea erabaki dugu", azaldu du Lierni Altuna alkateak. "Sentitzen dugu begirale, ume, familia eta kaltetu guztiegatik, denboraz jakin izan bagenu, asteburutik kanpo, eta gomendio bat dela jakinez gero, beste era batean kudeatu genuke hau, gutxienez familiekin adosten ahaleginduko ginateke, jakiteko zer egin gomendio honen aurrean".

Eguneko zentroaren inguruan ere antzerakoa izan da egoera, azaldu dutenez. "Foru Aldundiko arduradun batzuk gaur izan dute Osasun Sailetik hala nola zabaldutako agindu/gomendio honen berri. Honen bolumena txikiagoa denez eta gaur goizean, asteburuan ez bezala, gomendioak direla jakin ostean, bertako langile eta erabiltzaileen familia guztiekin kontrastatu dugu erabakia". Ikusita, Aramaion ez direla ugaritu, eta beharrezko neurriak hartuta, momentuz Eguneko Zentroa irekita mantentzeko erabakia hartu dute erabiltzaile, hauen familia, bertako langile eta Udalaren artean. "Erabakia tentuz eta arduraz hartu dugu eta, edozein arrazoiengatik, egoera herrian bertan zein zentroa aldatuko balitz, kasuren bat agertuz edo hauek areagotuz, orain arte bezala beharrekoak diren erabakiak eta neurriak hartuko ditugu".

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide