Gaueko jainkotik babesten

Mirian Biteri 2020ko uzt. 19a, 10:30
Izarrako toki esanguratsuenak bisitatuko dituzte erronkan parte hartzen dutenek. URKABUSTAIZKO UDALA

'Escape room'-ak egitea gustuko dutenek aukera erakargarria dute Urkabustaizen: euskal mitologia ardatz duen 'Izarra Street Escape: apurtu madarikazioa' jarduera. 

Datozen hilabeteei begira, aisialdirako ekintza bitxia antolatu dute Gorbeialdean: Izarra Street Escape: Apurtu madarikazioa. Bere izenak dioen moduan, Escape room batean bezala, hainbat pista eta proben bidez, Urkabustaizko leku esanguratsuenak ezagutzen joango dira partaideak.  

Azaroan proba moduko bat egin ostean, pasa den abenduan jarri zuten martxan jarduera Gorbeia Turismo Jomugak eta Gorbeialdeko Kuadrillak elkarlanean, eskualdeko landa turismoa sustatzeko asmoarekin; kudeaketa Enaxi Eventos enpresak du. 

Ostiralean, arratsaldean, bi saio eskaintzen dira; larunbatean eta igandean, berriz, hiru.

Bertako Ixone Ruiz de Gaunak azaldu du abenduan egindako saioek oso harrera ona izan zutela eta asmoa zela udaberrirako indartzea: "Martxoko zubian bagenuen eskaintzeko asmoa, baina koronabirusagatik bertan behera utzi behar izan genuen. Orain, udan murgilduta gaudela, indartu nahi dugu, kalean egiten den jarduera bat delako. Ostiralean, arratsaldean, bi saio eskaintzen ditugu; larunbatean eta igandean, berriz, hiru". 

Euskal Mitologian oinarrituta 

Euskal mitologia du ardatz proposamen honek. Gorbeialdeko Turismo teknikari Ekaitz Montejok honakoa azpimarratu du horren harira: "Street escape horretan, partaideek herria Gaueko izeneko gaueko jainkoaren aurrean babesteko Sorginek Izarran utzi zituzten babesak berriztatu beharko dituzte. Horretarako, logika, behaketa eta trebezia probak gainditu beharko dituzte, Izarrako puntu interesgarrienetara joaten diren bitartean, zorroztasuna erabiliz eta herria berriro ere salbu egotea lortuz".

Antzinako kondaira ahaztu batek kontatzen duenez, Gauekok, iluntasunaren jainkoak, ikaratuta zeukan Izarrako herria. Hala ere, Sorgin on batek, Gaueko urrun izateko babes magikoak prestatu zituen. Sorginak idatzita utzi zuenez, mende bakoitzean ausart talde batek babesak berriztatu behar zituen, bestela, Gaueko itzuliko zen. "Herria berriro babesteko unea heldu da; edo, madarikazioa behin betiko apurtzeko unea", aipatu du Montejok.

Partaideek amuleto babesleak bilatu eta berriztatu behar dituzte, berriro ere Gaueko urruntzeko.

Jarduera horretan, partaideek amuleto babesleak bilatu eta berriztatu behar dituzte, berriro ere Gaueko urruntzeko, "escape room batean aurkitu ditzaketenak bezalako jolasak eta leku esanguratsuenak ezagutzera eramango dituen bisitak uztartzen dituzten proben bitartez". Enigmak argitzeko, hasiera batean, herriko establezimendu batzuk behatzea eta bertakoekin elkarlanean aritzea aurreikusten bazen ere,  koronabirusagatik planteamendua egokitu behar izan dute, proba guztiak toki irekietan egiteko. 

Turismo aktiboa erakarri

Gorbeialdeko Ingurumen teknikariak azpimarratu du jarduera horren helburu nagusia Izarra dinamizatzea eta udalerrira turismo aktiboa eta jasangarria erakartzea dela, bertako merkataritza eta turismoaren sektorea hobetzeko. Hala, horretan bisitatuko diren lekuak Izarrako turismo gune enblematikoak izango dira.

Jarduerak Covid-19aren krisiak eragindako abagune honetan beharrezkoak diren segurtasun neurrien protokoloa beteko du. Horrela, erronkan erabiliko diren objektu guztiak aurretik desinfektatu egingo dira, eta egon daitezkeen kutsadurak saiheste aldera babestuko dituzte. Partaideek maskara eraman beharko dute, eta jardueraren hasieran gelarekin desinfektatu beharko dituzte eskuak. Taldearekin arituko diren begiraleak, berriz, maskara eta eskularruekin joango dira, eta segurtasun neurriak betetzen direla zainduko dute.

Abuztuaren azken asteburura arte egin ahal izango da ekimena, ostiralean arratsaldez eta asteburuan hiru saiotan: hain zuzen ere, larunbatean eta igandean, 11:30ean, 16:30ean eta 19:30ean hasiko dira erronkak. Interesa duten lagunek 722 811 633 telefono zenbakian egin behar dute erreserba. 10 urtetik beherako neska-mutilek debalde parte hartuko dute; hortik aurrerakoek 10 euro ordainduko dituzte

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide