Legutioko zerbitzu publikoetan murrizketak gelditzea exijitu du ELAk

Erredakzioa 2020ko uzt. 3a, 09:23
ELA-Legutioko atal sindikalak elkarretaratzea egin du asteazken honetan. / ALEA

Legutioko Udala udal gizarte zerbitzuak murrizten ari dela salatu du ELA sindikatuak, eta horiek eskaintzeaz arduratzen diren langileak "alde batera uztea" leporatu diote EH Bilduko Jon Zuazo alkateari.

Besteak beste, lorategietako mantentze-lanetako ofizialaren lanpostua amortizatu, eta lanpostua betetzen zuen bitarteko funtzionarioa kaleratua izan dela salatu du ELAk.

Horrez gain, liburutegiko ordutegia ia %50 murriztu dela diote, eta horrek zerbitzuan eta langilearengan "ondorio larriak" dituela salatu dute.

Gainera, Udalak psikologoaren lanpostua kendu eta langilea kaleratuko duela salatu du ELAk. Zerbitzu hori duela 25 urte baino gehiago sortu zen, eta kaleratutako langileak bete du azken 15 urteetan.

ELA-Legutioko atal sindikalak alkatetzak zerbitzu publikoetan egindako murrizketak "lehenbailehen" lehengoratzea exijitu dio Udalari, asteazken honetan herriko plazan egindako elkarretaratze batean. Gainera, herritarrei ematen zaizkien zerbitzu publikoen kalitatearen okertzea "etengabea" dela diote.

Sindikatuak udalbatzari eskatu dio "manipulatzen" ez uzteko, udal diru-kutxen egoerari buruzko informazioagatik. "Murrizketa horiek justifikatzen dituen ustezko hondamendi ekonomikoa ez da existitzen. Udalak superabita du", ziurtatu dute.

ELAk "zerbitzu publikoen aldeko apustua egiteko eta murrizketak bertan behera uzteko" eskatu die Legutioko udal gobernuari eta alkateari: alde batetik, psikologoaren lanpostua amortizatzeko erabakia berrikus dezala eta lanpostu hori kontratu mugagabearekin betetzen ari den langileari enplegua berma diezaiola exijitu du; bestalde, liburutegia murrizketarik gabe berrirekitzea eskatu dute.

Ingurumen-zerbitzua

Aipatutako bi eskakizunez gain, pribatizatutako ingurumen-zerbitzua publikoa izatera itzultzea aldarrikatu du ELA sindikatuak.

Legutiok 200 industria-jarduera baino gehiago dituela Goiain eta Lladieko poligonoen artean. 2020ko urtarrilean, Osoko Bilkurak Larrialdi Klimatikoaren arloko udal-ekintzarako konpromisoa hartzen zuen mozio bat onartu zuen; Udalak, teknikari titularrik ez zegoenez, zerbitzua %50ean murriztu zuela eta bi enpresa azpikontratatu zituela salatu du ELAk.

"Legutioko Udala aitzindaria izan zen duela 20 urte baino gehiago ingurumena babestearen aldeko apustua egiten, zerbitzu hori sortuz. Zerbitzu horretatik, iraunkortasunaren alde lan egin da udal-mailan, eta ingurumen-legeria betetzen dela zaindu da, maila partikularrean eta jarduera ekonomikoetan", deitoratu du sindikatuak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide