Gorbeialdeko Bertso Abentura ibiltaria egingo dute irailean

Erredakzioa 2020ko ekainaren 29a

Irailaren 2tik 4ra izango da Bertso Abentura, Legution, Aramaion eta Murgian. / ARABA BERTSOZALE

Udaberrian egitekoa zen Bertso Abentura barnetegia egoera berrira egokitu dute Arabako Bertsozale Elkarteak eta Gorbeialdeko kuadrillak. Irailaren 2tik 4ra izango da, 10 eta 13 urte bitarteko umeentzat.

2020ko Bertso Abentura Legution, Aramaion eta Murgian izango da, goizez, irailaren 2tik 4ra. 10 eta 13 urte bitarteko umeek eskualdea eta ingurunea ezagutu, bertako bertsolarien bisita jaso eta hitzarekin jolasteko aukera paregabea izango dute.

Egun bakoitzak egitarau bat izango du, 10:00etatik 13:00etara. Autobus zerbitzua egongo da, eskualdeko herri guztietatik umeak jasotzera pasatzeko.

Jarduerak doakoak izango dira, eta izena emateko epea uztailaren 10era arte egongo da zabalik; online apuntatu beharko dira parte hartu nahi duten umeak. "Oporraldian euskararen erabilera bultzatzea, hizkuntzaren alde ludikoa garatzea eta gure kultura ondarea ezagutzea" da egitasmoaren helburua, eskuorri batean azaldu dutenez.

Egitaraua

Irailaren 2an, Legution, Eskualdea kantuz:

  • Elkar ezagutza eta bertso jolasak.
  • Gorbeialdea ezagutu bertsotan jolasa.
  • Eskualdeko kantua sortu eta grabatu.

Irailaren 3an, Aramaion, Gure bertsolariak ezagutu:

  • Bertso jolasak.
  • Eskualdeko bertsolariak ezagutzeko jolasa.
  • Bertso saioa prestatzeko tailerra.
  • Bertsolariekin saioa.

Irailaren 4an, Murgian, Hitzaren kirol nazionala:

  • Bertso jolasak.
  • Herri kirolak taldeka.
  • Sari banaketa eta merendola.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago