Amaigabea da Gorbeialdeak eskaintzen dituen toki ikusgarrien zerrenda. Leku horiek 494 kilometro koadroko azalera duen kuadrillan bisita daitezke, bi zatitan banatuta daudenak: Gorbeia ingurua eta Aramaioko harana, batetik; ingurune honetan Aramaio, Legutio, Urkabustaiz, Zigoitia eta Zuia udalerriak daude. Eta bestetik, Arabako Lautada, Arratzua-Ubarrundia udalerrian hasten dena.
Manex Agirre Arriolabengoak (Aramaio, 1982) ederto ezagutzen du Gorbeialdea, bertakoa izateaz gain, kuadrillako Euskara teknikaria ere badelako, eta, hortaz, egunero dabilelako alde batetik zein bestetik bueltaka. Arabako euskalgintzarekin lotutako hamaika proiektuetan lan egiteaz gain, bertsolaria ere bada. Bi aldiz jantzi du Arabako txapela: hain justu ere, 2011n eta 2015ean; Arabako Kuadrilla arteko Txapelketa ere bi bider irabazi du, 2010. urtean eta 2018an.
Baserri ondotik
Agirrerentzat Ibarra eta Kurtzetako mendatea lotzen dituen bide zaharra da kuadrillako leku guzti horien artean ederrena: "Bide ondoan bizi naiz, Aramaioko Uribarri auzoan, eta betidanik ezagutu izan dugu. Lehen, Kurtzetako gaur egungo errepidea egin baino lehen, Araba aldera joateko bide bakarra zen. Nire amak, adibidez, gogoan du oraindik ere kamiñu zaharra erabiltzen zenean", azaldu du.
"Ganadu eta baso lanetarako erabili izan da bereziki, ia erabat ahaztuta utzirik"
Gogoratu duen moduan, garai batean "oso inportantea" zen bide hori azken hamarkadetan ganadu eta baso lanetarako erabili izan da bereziki, bestelako jardueretarako "ahaztuta" utzirik: "Jende gutxi dabil hortik. Mendira joaterakoan, aramaioarrok beti izan dugu joera Orixol edo Anboto aldera jotzeko, Kurtzeta inguru horretan ez gara hainbeste ibili". Mendira joaten hastean konturatu zen Agirre baserri ondoan zuen altxorraz.
3,27 kilometroko luzera
Berak etxe ondoan baldin badu ere, proposatutako ibilbideak Ibarrako pilotalekuaren atzealdean dagoen Irubideta bidegurutzean du abiapuntu; Kurtzetara, Ibarra herrira bertara eta Aixola eta Uribarri auzoetarako bideak ateratzen dira handik. Azken horretatik lehenengo mendi-bidetik hartu beharra dago. Hortik hiru kilometro pasatxo gora ibilita Kurtzetako gainera iritsiko gara; hain zuzen ere, plater tiroketa gunera ateratzen da bidea.
Aukeratutako ibilbidea egiteko erraza dela dio aramaioarrak, "umeekin egiteko oso aproposa eta polita". Denera, 345 metroko desnibela du; Agirreren kalkuluen arabera, ordubete pasatxo behar dira egiteko, "umeekin joanez gero, zertxobait gehiago". Orain dela hainbat urtetik seinaleztatuta dago eta garbi ere badago; "hortaz, ez dago galtzeko arriskurik", azpimarratu du Agirrek.
Gainera, Kurtzetatik toki askotara joateko aukera dago: tartean, Orixol aldera edo Leintz bailarara, eta baita Legutio eta Otxandio aldera ere.
Garai bateko galtzada
Agirrek aukeratutako ibilbideak baditu hainbat berezitasun; tartean, hasieran, Irubideta bidegurutzetik "aldapa handiena" duen errepideak Ibarrako Zalgo auzora eramaten du. "Aramaioko Ibarrako lehenengo herrigunea Zalgo izan zen; hilerria eta zazpi baserri inguru baino ez ditu, baina polita da jakitea hor hasi zela sortzen Aramaio". Bestetik, ibilbidean aurrera eta gora eginez hasiz gero, Kurtzetako bide zaharreko garai bateko galtzadako harriak ere ikusi daitezke. Azkenik, Kurtzetako gainera helduta, tiro plater gunetik begiratuta, nabarmentzekoa da bertatik ikusten den paisaia, bailara osokoa.
"Proposamena da San Kristobalen bukatzea. Merezi du bisitatzea"
Handik, Legutiorako norabidea hartuta, Oletara doan errepidea ikusten da eskumatara; sartu eta kilometro erdi ibilita, San Kristobal ermita agertuko da bide bazterrean: "Proposamena da San Kristobalen bukatzea. Merezi du bisitatzea. Gainera, eraikinaren atzealdetik bailarara dauden bistak ederrenak dira niretzako", amaitu du Agirrek.