Istripu hilgarria

93 urteko gidari bat hil egin da ospitalean, bere autoa Zigoitian irauli ostean

Erredakzioa 2020ko ekainaren 22a

Argazkia: @Bomberos_VG

Larunbatean istripua izan zuen 93 urteko gidaria igandean hil egin da Santiago Ospitalean. Larri ospitaleratu zuten Zigoitia inguruan ibilgailua irauli ostean. Horrez gain, igandean beste istripu bat jazo da Gaubean.

Istripua larunbatean gertatu zen, 14:20etan, A-3610 errepidean, Zigoitia parean. Murgiarako noranzkoan zihoan Suzuki Vitara autoa errepidetik irten eta irauli egin zen Gopegi eta Manurga herrien artean, Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zerbitzuak jakinarazi duenez.

Gidaria ibilgailuaren barruan harrapatuta geratu zen, eta suhiltzaileek atera behar izan zuten. Handik gutxira, Larrialdi Zerbitzuko zenbait baliabide bertaratu ziren. 93 urteko biktima Santiago Ospitalera eraman zuten, larriki zaurituta, eta ordu batzuk beranduago bertan hil zen.

Istripua Gaubean

Igande arratsaldean, 14:15ean, motozikleta bateko gidaria eta haren laguna zauritu dira A-2625 errepidean, Gaubea parean, auto batekin talka eginda.

Ford Focus auto batek eta Honda CRF motor batek talka egin dute Espejoko gurutzean. Talkaren ondorioz, bi gurpileko ibilgailuaren gidaria, 59 urtekoa, eta haren laguna, 52 urteko emakume bat, zauritu dira, eta Txagorritxuko ospitalera eraman behar izan dituzte anbulantzian.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago