Azken osoko bilkuran, Covid-19ak lan-arloan kaltetutako familiei, langile autonomoei eta udalerriko merkataritzari zuzendutako hainbat laguntza onartu ditu Zuiako Udalak, aho batez. "Egoera ekonomiko ona dugu udalean, kudeaketa eraginkorraren ondorioz. Gure herritarrei laguntzeko unea da orain", adierazi du Unai Gutierrez Urkiza alkateak.
430.000 euroko diru laguntza horien helburua pandemiak eragindako "krisi sozial, sanitario eta ekonomikoa gainditzen" laguntzea dela azaldu du Udalak, ohar bidez.
Hala, 20.000 euroko partida ezarri du kaleratzea edo Aldi Baterako Lan Erregulazio Espedientea (ABLEE) bi hilabetez gutxienez eragindako kideren bat duten familientzat; 1.000 euro arteko laguntzak jasoko dituzte, kideen arabera, eta ordainketa bakarrean.
Beste 60.000 euro esleitu dira Zuia udalerriko enpresa txikien egiturazko gastuetarako: txikizkako merkataritzak, ostalaritzako establezimenduek, jatetxeek edo norberaren konturako langile autonomoek jasoko dituzte laguntza horiek. 2.000 euro arteko laguntzak dira, eta zaborrak biltzeko, terraza eta mahaitxoen tasa ordaintzeko erabili ahal izango dira.
Alarma egoeraren ondorioz jarduera eten behar izan dutenek beste 150.000 euro eskuratu ahal izango dituzte itzuli beharrik gabeko laguntza zuzenetan. Oinarrizko zerbitzutzat jo direlako irekita egon arren diru-sarreren %30etik gorako jaitsiera izan dutenek ere jasoko dituzte laguntza horiek.
Azkenik, Zuiako Udalak beste 200.000 euro esleitu ditu interesik gabeko aurrerakin itzulgarrietarako, merkataritza, enpresa eta profesional autonomoentzat; bost urteko epean itzuli beharko dituzte.
Diru laguntzen programa hau EH Bilduko udal gobernu taldeak kaltetutako kolektiboekin eta udalbatzako gainerako alderdiekin batera eraman duen lan prozesuaren emaitza dela azpimarratu du Zuiako Udalak.