Zuiak ezohiko neurriak eskatu ditu toki-erakundeen finantzaketa bermatzeko

Erredakzioa 2020ko mai. 21a, 18:26
Arabako Foru Aldundiari ezohiko neurriak har ditzala eskatu dio Zuiak. / ZUIAKO UDALA

Zuiako Udalak zerga-erreforma bidezkoa eta progresiboa erreklamatu dio Aldundiari, aberastasun handientzako zerga berri bat gehituta. Horrekin batera, defizita eta zorra malgutzea eta soberakina erabili ahal izatea eskatu dio Espainiako Gobernuari.

Arabako Foru Aldundiari ezohiko neurriak har ditzala eskatzeko mozio bat onartu du Zuiako Udalak, toki-erakundeen finantzaketa bermatzeko. Testua EH Bilduren gobernu taldearen aldeko botoekin eta oposizioko Zuia Bai indar nagusiaren babesarekin aurrera atera da.

Bertan, konponbideak adosteko beharra defendatu du Zuiako Udalak, Toki Erakundeak Finantzatzeko Foru Funtsaren (TEFFF) "beherakada larria" arintzeko; izan ere, %20tik gorako jaitsiera aurreikusten da.

Unai Gutierrez Urkiza alkateak (EH Bildu) udalek eta tokiko administrazioek Foru Aldundiarekin batera lan egin behar dutela deritzo, TEFFF bidezko "diru-sarreren jaitsiera jasan ahal izateko formulak" bilatzeko, eta administrazio bakoitzak "gehien interesatzen zaiona" aukeratu ahal izateko.

Toki-erakundeei daukaten soberakina erabiltzeko aukera eman diezaiela eskatu dio Zuiak Espainiako Gobernuari, pandemiak eragindako krisi ekonomikoari aurre egiteko. Era berean, "egonkortasuna, zorra eta gastu helburuak malgutzeko" eskatu dio, "kaudimen handiagoarekin" erantzun ahal izateko.

"Ez dauka inolako logikarik partida horiek ezohiko egoera honetan sortzen ari diren beharrei erantzuteko ez erabiltzeak", azpimarratu du Gutierrez Urkiza alkateak.

Zerga-erreforma

Zuiako Udalak uste du adostutako proposamenak zerga-politikan aldaketak egiteko beharra agerian utzi duela. Arabako Foru Aldundiari lau hilabeteko epean zerga-erreforma "bidezkoa eta progresiboa" aurkezteko eskatu dio, aurreikusitako zerga-bilketaren beherakada arintzeko; besteak beste, aberastasun handiei zerga berri bat ezartzea proposatu du Zuiak.

Azkenik, udalbatzak onartutako mozioa Zuia Bai elkarteak egindako ekarpen batekin osatu da. Hortaz, 2020ko udal aurrekontua berrikusiko da, egungo testuingurura egokitzeko: premiazkoak ez diren jarduerak ezabatuko dira, eta krisiak gehien kaltetutako pertsonentzako laguntzak handituko dira.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide