Patxi Ruiz euskal presoak gose eta egarri greba abiatu zuen pasa den astelehenean. Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak azaldu duenez, maiatzaren 5ean, 8. moduluko hainbat preso elkarretaratzeak egiten hasi ziren; koronabirusak eragindako egoeran, gaixorik dauden presoak eta zigorraren zati handiena betea dutenak askatzea eskatzeko, baita bisitak jasotzeko eskubidea aldarrikatzeko eta ez kutsatzeko neurriak eskatzeko, besteak beste. Mugimenduaren arabera, protesta horietako batean Ruizi eskuan zeraman kartela kentzen saiatu zen kartzelako langileetako bat, eta, gero, espetxeko zuzendaritzak mehatxatu egin zuen.
Hori dela eta, gose eta egarri grebari ekin zion astelehenean. Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak salatu duenez, greba hasi duenetik medikurik ez da joan bere egoera aztertzeko eta moduluz ere aldatu dute, "beste preso politikorik ez dagoen" beste batera.
Ruizi elkartasuna helarazteko elkarretaratzea deitu dute gaur, ostirala, 20:30ean, Legutioko plazan.