Koronabirusa

Aurten ez da Zuia Euskaraz Eguna ospatuko

Erredakzioa 2020ko mai. 13a, 11:56

Ekainaren 29an ospatu zuten 2019ko Zuia Euskaraz Eguna. / ALEA

2020ko Zuia Euskaraz Eguna atzeratu egin du Udalak; erabakiak maiatza eta ekaineko gainerako kultura jarduerei ere eragin die.

Covid-19aren krisiaren ondorioz, maiatzerako eta ekainerako aurreikusitako kultur jarduera guztiak atzeratzea erabaki du Zuiako Udalak, jarduera horiek segurtasunez egiteko baldintzarik ikusten ez duelako.

Kalitatezko programazio zabala diseinatuta eta lotuta zuten jada Zuiako Kultura eta Euskara udal sailek: "Lan hori guztia ez galtzeko, Kultur sektoreari laguntzeko, eta herritarrei aisialdiaz gozatzeko aukerak eskaintzeko asmoz, aurreikusitako ekitaldiak udazkenean egiten saiatuko gara, formatu txikiagora egokituta".

Hala ere, "pena handiz" iragarri du Udalak Zuia Euskaraz Eguna 2020an ez dela egingo: "Ez diogu zentzurik ikusten udazkenera atzeratzeari", azaldu dute teknikariek. Dena den, bestelako "sorpresatxoren bat prestatzen" ari direla aurreratu dute.

Udaleko Kultura eta Euskara sailak eta udalerriko lantaldeak lanean ari dira jada hurrengo hilabeteak "hutsik" gera ez daitezen. Besteak beste, Pirritx, Porrotx eta Marimotots, Tio Teronen Semeak taldea, Igor Elortza eta Miren Amuriza bertsolariak Zuiara etortzea aurreikusita dute.

Datak baieztatu bezain pronto jakinaraziko dituzte Zuiako Udalaren kanal guztietatik.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago