Gure bazterrak

Oinaztarren aztarnak bistan

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2020ko mai. 9a, 10:00

Maurgako Berastegi jauregia. GARTXOAK

XIV. eta XV. mendeen artean jazo ziren bandokideen borrokan Maurgako eta inguruko jauntxoek oinaztarren alde egin zuten; boterea erakusteko jauregi ederrak eta dorretxeak eraiki zituzten bertan.

Maurga da, ezbairik gabe, Zigoitiko ondare historikoaz gozatzeko orduan interesik gehien duen herrietako bat, batik bat, bere oinetxeek heraldikaren arloan erakusten duten aberastasunagatik. XIV. eta XV. mendeetan eraiki ziren bertan dorretxeak, ganboatarren eta oinaztarren bandoen arteko borroken ondorioz. Ganboatarrek Legution eraiki zituzten oinetxeei aurre egiteko asmoz, Maurgan oinaztarren bandoko hainbat jauntxo kokatu ziren.

Halaber, historia luzea du herriak, eta Erdi Aroko hainbat gertakizunetan paper garrantzitsua izan zuen Gipuzkoa (Leintz Gatzaga) eta Bizkaia (Urduña) lotzen zituen ibilbide handienetako batean zegoelako, Araba (Zigoitia eta Zuia) zeharkatuz.

Bi dorretxe desagerturik

Lau dorretxe izatera iritsi zen Maurga, baina horietako bi desagerturik daude. Elexaldeko dorreak pertsonaia ospetsuei aterpe eman zion. Cadizko katedraleko artxidiakono Bernardo Ortiz de Zarate da horietako bat. Apaiz hau euskal merkatari guztien erreferentzia bilakatu zen XVIII. mendean, eta diru asko irabazi zuen Andaluzian egin zituen negozioetan. Alta, maiz bidaiatzen zuen Cadiztik Maurgara, eta bertan zituen lurrak eta ondasunak handitu zituen, herritarren lepotik. Gaur egun, Elexaldeko dorretxearen aztarnak soilik geratzen dira, elizaren albo batean. Bestalde, Iturrizarren leinuko dorretxearen aztarna bakarra geratzen da; herriko garbitegiko horman dagoen armarria, hain zuzen.

Maurgan jaio zen Prudencio Maria de Berastegi Arabako errejidore nagusia

Oraindik zutik dirauten eraikinetatik aipagarriena Hurtado de Mendoza leinuaren dorretxea da. XV. eta XVI. mendeen artekoa da, eta Espainiako Gorteetan goi-kargu izandako pertsonaia ospetsuen sorlekua da. Bertan jaio ziren, adibidez, Juan Hurtado de Mendoza, Felipe IV.aren garaian gobernuko idazkaria izan zena, eta Diego Hurtado de Mendoza, Saboiako dukearen teniente-jenerala.

Maurgak izan zuen boterea Tourseko San Martini eskainitako elizak ere erakusten du; egitura gotikoa eta akabera barrokoa ditu parrokiak, eta barrualdean erretaula nagusi churrigeresko bat eta berastegitarren leinukoen kapera.

Leinu honek 1700. urtean eskualde osoko eraikinik garrantzitsuenetako bat eraiki zuen, Maurgan. Berastegitarren etxe-jauregiak hiribilduaren babes funtzioa jokatu zuen. Egun, armarri zeremoniatsu bat erakusten duen fatxada klasizista ikusgarria du. Jauregi eder honetan jaio zen Prudencio Maria de Berastegi, XIX. mendearen hasieran, 1778. urtean hain zuzen, Arabako errejidore nagusi eta diputatu hautatu zuten Berastegi. 1793. urtean, berriz, Frantziaren eta Espainiaren arteko gerra hasi zenean, Berastegik probintzia babesteko ardura hartu zuen. Frantsesek Gipuzkoa eta Bizkaia hartu ondoren, Berastegi eta Arabako Diputazioko karguak Gaztelan eta Burgosen babestu ziren. Gerra amaituta, foruen alde egin zuen Berastegik, Karlos IV. aren erasoen aurrean.

Herriko gainerako lekuetan ere zenbait oinetxe geratzen dira, eta guztiek dute harrian landuta familiaren armarria.

Maurgatik Markinara hurbildu gaitezke, Erdi Aroan hainbat borroken sorlekua izan zen herri txikira, eta bertan Sagasti dorretxea ezagutzeko parada izango dugu. Zigoitira itzulita, Letonan, Lopez de Letonaren jauregira (Argatxaga) hurbilduko gara, ibilaldi atsegin batean.

Kuadrilla: Gorbeialdea.

Udalerria: Zigoitia.

Biztanleak: 77 biztanle, Eustaten 2019ko estatistikaren arabera.

Bitxikeriak: Maurga eta Olano artean Mairubide izeneko bidexka dago; euskal mitologiaren erreferentzia argia.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago