Legez babestutako hegazti gehiago pozoituta hil dira Arratzua-Ubarrundian

Erredakzioa 2020ko api. 22a, 12:08
Arratzua-Ubarrundian pozoitutako sai zuria, miru gorria eta sai arrea. / EGUZKI

Sai zuri bat, miru gorri bat eta sai arre bat dira Arratzua-Ubarrundian nahita barreiatutako jaki pozoituen biktima berriak, Eguzki talde ekologistak jakinarazi duen bezala.

Duela gutxi sai arre bat, miru gorri bat eta azeri bat pozoituta aurkitu zituztela gogorarazi du Eguzkik. Antza denez, beste hegazti batzuk ere horrela hil dira, baita txakur eta katuak ere.

Oraingoan hildako hirurak mehatxatutako Espezieen Euskal Katalogoan daude: sai zuria eta miru gorria "zaurgarri" moduan sailkatuta; eta sai arrea, berriz, "interes bereziko" espezie moduan. "Gauzak horrela, aitortu beharra dago Arratzua-Ubarrundiako pozoitze-kasu hau uste baino askoz larriagoa dela", ohartarazi du talde ekologistak.

Berrogeialdian egon arren, "norbait" jaki pozoituak barreiatzera etxetik atera dela salatu du Eguzkik: "Pozoia ez da metodo selektiboa, helburu duen espeziea ez ezik mota guztietako animaliak ere akabatzen dituelako, basatiak ala etxekoak izan", azaldu dute.

Gainera, ekintza hori "zeharo debekatuta" dagoela gogorarazi dute; izan ere, 1995etik Zigor Kodean delitu gisa agertzen da, eta horrelako pozoiak ipintzen dituena kartzelara joan daiteke.

Eguzkik Aldundiari eta Ertzaintzari eskatu die "bitarteko guztiak" jar ditzatela pozoitze-katea hausteko eta erantzulea aurkitzeko. "Ingurumen arazo latza da, borrokatzeko zaila; besteak beste, horretarako bitarteko espezializatuak behar direlako, adibidez, pozoiak aditzen trebatutako zakurrak".

Bitarteko horiek edukitzea ala ez "borondate politikoaren" kontua dela dio Eguzkik.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide