"Gertatzen ari denak jokoan jartzen du gure etorkizun osoa"

Mirian Biteri 2020ko api. 17a, 07:00
Ikasbidea ikastolako ikaslea da Maite Saenz de Biteri; etxeko gelan, ikasten. MAITE SAENZ DE BITERI

Koronabirusak hankaz gora jarri du Maite Saenz de Biteriren bizitza. Batxillergoko bigarren maila egiten ari da eta irailean unibertsitatera joateko asmoa du, Lehen Hezkuntza ikastera.

Maite Saenz de Biteri Barrado legutioarra Ikasbidean dabil Batxillergoko bigarren maila ikasten. Beste milaka ikasle bezala, oso kezkatuta dago koronabirusak eragindako egoerarekin, bi hilabete barru ezohiko selektibitatea egin beharko duelako. Asko du jokoan. 

Martxoaren hasieran eten egin ziren aurrez aurreko eskolak. Zer suposatu zuen erabaki horrek? 

Izugarria da, selektibitatea egin behar dugulako nahi eta nahi ez. Hasieran, txantxa moduan hartu genuen, baina denborarekin konturatu gara kontua serioa dela. Martxotik ikasteke dugun materiala guk bakarrik atera behar dugu aurrera, eta askotan ez dakigu hori guztia nola maneiatu. Egoera horri gehitu behar zaio batzuetan ez dugula irakasleen laguntza. Dena dela, ez da ohikoena. Tutorea, esaterako, gure gainean dago beti, egunero dago guri mezuak bidaltzen. 

Zuk zeuk zelan daramazu egoera? 

Ohituta nago bakarrik ikastera, eta hortaz ez dut arazorik. Orain dela gutxi, historiarekin arazoak izan nituen eta irakasleak berak deitu zidan eta jarraibideak eman zizkidan: iruzkin gehiago egin behar nituela esan eta horretan nabil. Ez dut aparteko arazorik. Baina, ikaskideekin harremanetan nago, eta denetarik dago. 

Nola zeneukaten martxoan ikasturtea?

Astebete lehenago amaitu genuen bigarren ebaluazioa. Hirugarrena osorik falta zen; oporrak kenduta, hilabete eta erdi. Maiatza hasieran azterketak egin ostean amaitzen zen ikasturtea, eta ekainera arte ikasteko denbora geneukan. 

Hasierako plangintza hori bertan behera geratu da. Beti ere koronabirusaren bilakaeraren arabera, uztailaren 6tik 8ra bitartean egin beharko duzue selektibitatea. Zer iruditzen zaizu data berria?

Txarto. Kontuan hartu behar da, hasiera batean, ekainaren 10etik 12ra izango zela selektibitatea eta uztailerako guk ikasketa guztiak amaituta izango genituela, eta hortaz, badago jendea data horietan oporrak hartuta zituena. Bertan behera utzi behar izan dituzte. Baina, horretaz gain, selektibitatearen bigarren deialdia uztailaren amaierarako dago deituta, eta jendea arazo berdinarekin dago, ez dakiela zer egin. 

Denbora gehiago izango duzue ikasteko...

Ez dakigu, agian ekaina osoan izango ditugu eskolak. Kolokan dago guztia; ahal bada, galtzen ari garen eskola guztiak berreskuratu beharko genituzke. Badauzkagu hainbat ikasgai, Artearen historia eta ekonomia, lanen bidez ebaluatuko dituztenak; baina, besteekin oraindik ez dakigu zer gertatuko den. Irakasleak gu bezala daude, ez dakite ezer. Aste Santuko oporren ostean itzultzen baldin bagara, azterketak egingo dituztela esan dute; bestela, bideokonferentzia bidez izango direla uste dute. Modu batean edo bestean irakasleek lasai egoteko esaten digute. Baina ezin gara lasai egon, gure bizitzako ikasturte garrantzitsuena delako eta gaur egun gertatzen ari denak jokoan jartzen duelako gure etorkizun osoa.

Hiruhileko honetan ikasle guztiei nahiko bat jartzen badigute, nota oso onak dituenari asko jaitsiko zaio batezbestekoa, eta unibertsitatera sartzeko arazoak izan ditzake.

Selektibitatea ikasturteko errealitatera egokituko dela esan dute. Horrek lasaitzen al zaitu? 

Ofizialki ez dago ezer. Ikastolako Orientazio zerbitzutik jakinarazi diguten bakarra da egun eta ordu bakoitzean zer ikasgairen azterketa dugun. 

Data aldaketak unibertsitateetako matrikulazio epeen data aldaketa ere dakar. Zuk Lehen Hezkuntza ikasi nahi duzu. Zerbait al dakizue horren gainean?  

Dakiguna da irailean unibertsitatean hasten garela. Selektibitateko probak uztaila hasieran eta amaieran jarri dituzte abuztuan unibertsitateko matrikulak egin ahal izateko.  

Nolakoa da zure egunerokoa?  

Ez naiz goiz jaikitzen, 09:00ak aldera. Gosaldu, internetetik iritsitako mezuak irakurri eta bideokonferentziak egiteko Google Meet programan sartzen naiz. Irakasleak deitzen du orduan, eta deira batzen naiz gainerako ikasleekin batera. Jarraian, irakasleak aurkezpen moduko bat egiten du, azalpenak ematen ditu ikastetxean egongo balitz moduan; eta guk ere aukera daukagu galderak nahi dugunean egiteko. Dena dela, hori irakasle eta ikasgaiaren arabera aldatu egiten da. Historiako eskoletara, esaterako, ikasle guztiak batzen gara; baina, euskarako eskoletan, adibidez, ez gaude guztiak, selektibitateko azterketa errazagoa izango omen delako. Oraingoz saio bat baino ez dugu izan; hortaz, atera kontuak. Hautazko ikasgaietara, bestalde, nahi duena batzen da. Goiz osoa ematen dut ordenagailu aurrean klaseak jasotzen; bazkaldu ostean, berriz, etxeko lanak egiten ditut. Horrela jarraituko dugu auskalo noiz arte. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide