Martxan da Aramaion Zaintza Sareak eta Talde Feministak, egoera desegokien aurrean, bultzatutako Zapi Gorriak Leihoetan ekimena, "eraso" gabeko "espazio seguruak" sortzeko.
Egunotan telefonoz eta emailez honako mezua jaso dute aramaioarrek: "Konfinamenduak "etxe bakoitzean forma bat hartu du": kontziliatu ezinean ari garen familiak, internet konexiorik gabe etxetik lanik egin ezinean gabiltzanak, diru sarrerarik gabe geratu garenak…. Bai eta adikzioekin, osasun mentaleko arazoekin, bortxazko harremanekin, edo bestelako egoerekin konfinatuta gauden pertsonak ere. Hala, egunerokoan erronka hauei aurre egiteko ditugun estrategia askok, gaur ez digute balio, eta berriak asmatu beharrean aurkitzen gara".
Ekimenaren bultzatzaileen esanetan, "inoiz baino beharrezkoago" da bide horretan lagunduko duen komunitatea sortzea eta indartzea: "Jarrera epaitzaileak alde batera utzi eta elkartasunari helduz, bakoitzaren beharrak ulertu eta elkar laguntzeko espazio bihurtu behar ditugu kaleak, auzoak eta bebarruak. Beharra duten horientzat, espazio seguruak sortuz, bizilagunen arteko eraso eta epairik gabekoak, eta eraso polizialen aurrean bizilagunon arteko babesa eskainiz".