Koronabirusa

"Lehen mailako arreta koma sanitarioan dago, eta ordainduko dugu"

Mirian Biteri 2020ko api. 3a, 10:00

Aramaioko familiako mediku Aitor Montes. GOIENA

Goitik behera aldatu da azken hilabetean Aramaioko familiako mediku Aitor Montesen jarduna.

Ospitaleko osasun arloko langileak ez dira estres handiarekin lanean ari diren bakarrak; herri txikietako osasun zentroetan ere antzera dabiltza. Aramaioko herriko mediku Aitor Montesek lehen mailako arretaren egoera kezkagarriaz ohartarazi du. Aldi berean, oso kritiko agertu da Osakidetza eta enpresen jarrerarekin, bere ustetan, interes ekonomikoak osasunaren gainetik jarri dituztelako. 

Nola bizi duzue Aramaion koronabirusaren krisia?

Egoera landa eremuko beste herrien antzekoa da. Gure lan egiteko modua goitik behera aldatu da koronabirusa agertu zenetik. Lehen, jendea kontsultategira etortzen zen, eta, adinekoen edo menpekotasun egoeran daudenen kasuan, etxez etxeko arreta eskaintzen genuen. Orain gure ohiko agenda eten egin da eta telefono bidezko kontsulta jarduna jarri digute. 

Zehazki, nola egiten duzue lan? 

Pazienteen deiak jasotzen ditugu eta koronabirusa duten horiek guztiak nolabait identifikatzen ditugu. Kodeak ezartzen ditugu, protokolo moduko bat abiarazi eta baheketa bat egiten dugu larritasuna aztertuz. Hori guztia kudeatzen saiatzen gara, pazientea etxetik atera gabe.

Harresi bat gara; ospitaleak deskargatzen saiatzen gara. Hortaz, lehentasunezkoa da lehen mailako arretaren eginkizuna. 

Ez da erraza izango horrela lan egitea… 

Guretzako oso estresagarria da ez gaudelako inondik inora ohituta horrela lan egitera; gure jarduna aurrez aurrekoa izan da beti. Arreta telefono bidezkoa denez, itsu, gor edo besamotz gaude; hau da, pazienteak hainbat gauza esaten digu, baina guk ezin dugu auskultatu edo artatu, eta oso subjektiboa da. Eta horrela lan egitea oso estresagarria da. Egundoko lana egiten gabiltza, baina gero sentsazioa da alferrik ari garela. Euste-harresi bat gara, baina koronabirusaren gainean gabiltza kontsultaren %80 edo %90ean. 

Horrek zer suposatzen du?

Paziente kronikoak, diabetikoak edo orain arte egin izan duguna nolabait etenda dugula. Lehen mailako arreta koma sanitarioan edo hibernazioan dago. Gure eguneroko lana egin barik geratu da eta larrutik ordainduko dugu, jende hori guztia etorri beharko delako. Bi edo hiru hilabete barru dena batera iritsiko zaigu, uholde bat bezala, eta pilatuko zaigu, lehen mailako arreta kolapsatuz.

Osasun arloko langileen osasun mentala zero azpitik jartzen ari da.

Prebentzio neurriei dagokionez, zelan dabiltza lehen mailako arreta?

Aramaion erizaina eta medikua bakarrik gaude osasun zentroan, administraririk ez dago; hortaz, ez dago aurretik behaketa egiteko langilerik, ez dakigu itxaroten dagoen pazientea zertara datorren, eta beraz, gure babesa eta baita pazienteena ere oso mugatuta dago. Gainera, zoritxarrez, horrelako egoera larrietan muturreko jarrera asko ikusten ditugu; sinestezinak diren oso jarrera berekoiak ikusten ditugu aurrez eta hori oso kolpe gogorra da osasun arloko langileentzat. Botikariak, esaterako, asko sufritzen ari dira, psikologikoki jota daude.  

Baliabideei dagokionez, zelan zabiltza?

Eskularruak eta maskarak ditugu. Nire neurriko eskularruak amaitu dira, ea egunotan ekartzen dituzten. Maskarei dagokionez, kirurgikoak ditugu, ez enpresa munduan erabiltzen diren eta hobeagoak diren 3M maskarak. Horrelako bi ditut nik kontsultan, baina Aramaioko Udalak ekarri dizkidalako; eta eskularruak ere Udalak ekarritakoak dira.

Bestalde, gela etengabe gabiltza erabiltzen. Eta azkenik, kontuan hartu behar da jendea ez dela ia osasun zentrora etortzen. Familiako medikuok ohiko kontsulta bat egingo bagenu, pare bat astetan herriko mediku gabe geratuko ginateke. Osakidetza ez da tontoa, mediku falta dago, eta kontsultak telefono bidez egiteko agindua eman du.

Pazienteak osasun zentrora ez, baina zuek etxeetara joaten zarete, ezta?

Hori derrigorrez. Bestela, zer egiten dugu adineko jendearekin, ezin ditugu alde batera utzi. Neurriak hartzen ditugu: nik sekula erabili ez dudan mantala jarri, eskuak oso ondo garbitu, eskularruak jantzi eta berriro ere garbitu, maskara jantzi, eta materiala garbitu. Modu horretan, ahal den heinean, adineko paziente horiek babesten ditugu. Hori bai, kasu horietan koronabirusa sumatzen bada, ezin gara joan. Protokoloa aktibatzen da, eta behar bada, berariazko talde bat joango da etxeko arreta ematen. 

Zuek orduan ez dituzue testak egiten.

Ez. Aramaioko kasuan, Arrasaten dago zentralizatuta; eta Arabako gainerako herrietan, ospitale handietan. Herri txikietan ezin da egin, kokapen ezberdinak aukeratu dituzte langileak eta pazienteak babesteko asmoz. 

Sinisten al dituzu horren inguruan Osakidetzak eskaintzen ari den datuak? 

Datuak ez dira errealak. Aramaion izandako lehen agerraldia oso konkretua izan zen. Nik banekien lehena izatekotan, gazte bat zela, baina gazte horri ez zioten testik egin oso gaztea zelako eta oso ondo zegoelako. Kasu horretan ihes egin zigun ziurrenik positiboa zen bat; hurrengo agerraldian, 18 edo 20 bat kasu etorri ziren eta oker ez banago, bati edo biri bakarrik egin zieten testa. Hori batetik. Bestetik, mugatuta dago ez dagoelako test nahikorik, jendea beraien etxean dago itxaroten ea proba egingo dioten edo ez; eta ez diote egiten. Niri ere ez didate egin eta ez didate egingo. Milaka pertsona egon daitezke orain eztul batean, katarroarekin, hotzikararekin, sukar puntu batekin, baina testa egin barik.

Zortzi, hamar edo hogei aldiz gehiago da kutsatuta dagoen jendea; biderkatu behar da.

Alde batetik, kezkatuta gaude neurriak hartzerakoan datu horiek izango bagenitu egokiagoa izan zitekeelako. Baina, lasaitzeko modukoa ere bada, diagnostikatu gabe daudenak kontuan izango bagenitu hilkortasun tasa oso baxua izango litzatekeelako. 

Zer gertatzen da gaitz kronikoak dituzten langileekin?  

Kasu horretan oso jarrera txarra izan du Gobernuak eta Osakidetzak. Batetik, osasun arloko langileen lan karga eta pazienteen osasuna bermatzeko eskubide falta daude. Pasa den astean, nik 30 kontsultatik gora izan nituen eta medikuok aurreikusi genuen zerbitzua kolapsatuko zela tramite administratiboak eta bajak ematen. Gure lana pazienteak artatzea da, ez bajak ematea. Gaixotasun kronikoak eta arriskutsuak dituzten milaka euskaldun egon dira lanean; oso erraza da zerrenda bat egitea eta pertsona horiei arriskuagatik enpresa bakoitzak baja ordaindua ematea. Hori eskatu genion Osakidetzari. Asistentzia sanitarioko buruaren erantzuna honakoa izan zen: ez ematea baja zaintzagatik edo gaitz kronikoak dituztenei. Harresi bat jarri ziguten. Berriro kexatu eta orduan enpresak egindako txostenarekin guregana etortzeko agindua eman zuen. Mutuek zuzenean eskaini beharko zieten langileei, eta ez azken horiek joan behar izatea.

Prozedura atzeratu da, ERTEak atera ahal izateko eta orduan baja eskatzeko aukerarik ez izateko, langabeziara doazelako.

Hirugarrenik, dugun babes material falta dago. Langile horiek etxera bidalita, horien materiala gurera etorriko litzateke. Kontrakoa egin dute, gure osasuna kolokan jarri dute, interes ekonomikoengatik.

Haserre zaude…

Kontuan izan medikuntzaren helburuak prebentzioa eta osasun arreta eta, ahal den heinean, gaixoa osatzea direla. Asistentzia sanitarioko buruak emandako aginduak gure funtzioak eta kode deontologikoak errotik ukatzen ditu, nire jarduera ukatuz. Baina, niri bost. Ez dut jaramonik egin, ni medikua naizelako; juramentu hipokratiko, helburu eta kode bat dut, eta ezin dut nire lanbidea urratu. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago