1.937.376 euroko udal aurrekontua izango du 2020. urtean Aramaioko Udalak. Iazkoarekin konparatuta izan duen jaitsiera 2019ko aurrekontuari dagokion obra baten ondorio da; izan ere, musika etxearen gastua pasa den urtekoa da.
Aurten ez da obra handirik egongo, eta urteroko gastu arruntez gain, inbertsio garrantzitsuenak webgunea berritzea, kotxe berria erostea eta ur sistema hobetzeko lanak izango dira.
Webgune berrian 4.500 euro inbertituko dituzte, pasa den urtean izandako erasoa dela eta, atalak osatu eta berraktibatu behar dituztelako.
Aramaioko Udalak bi kotxe ditu gaur egun, baina oso zaharrak dira eta arazo asko ematen dituztela azaldu dute. Ondorioz, 35.000 euroko inbertsioa egingo dute kotxe berria erosteko, une ezberdinetan suertatzen diren beharrei erantzuteko asmoz.
Ur sistema hobetzeko lanetan 29.500 euro inbertituko ditu Udalak; Untzilako bonba kentzeko, ur sarearen deposituen kontrol sistema berritzeko eta Azkoaga depositutik Dukienera doan linea guztiz berritzeko baliatuko dute inbertsioa.
Bestalde, 6.000 euro bideratuko dira Aintzinako Aramaio proiekturako.
Gainera, inguruko mendietan lanak egingo dituzte: Sieta eta Durakogain mendietan soiltze eta inausketa lanak (14.900 euro); Eguzkierripa eta Lurgorri arteko pista (23.500 euro); berriki saldu den Ametzun landatzeak egitea; Muru, Asensio, San Adrian eta Lurgorri mendietan ilarak garbitzea (7.630 euro); Gantzaga auzoan kanadar pasabidea jartzea (4.235 euro); edota Muruko ariztiaren berreskurapena (17.787 euro), ekosistema berreskuratzeko ahaleginetan.
Hirigintzari dagokionez, aurten sei inbertsio egingo dituzte, guztira 88.639,65 euro gastatuko dituztela. Besteak beste, irisgarritasuna hobetzeko eskudelak jarriko dira Ibargoiatik kalera doan espaloietan. Horrez gain, hobekuntzak egingo dira Kultura Etxean, Etxaguengo errotan edota Santanan. Eta azkenik, San Martin eskolan musika gela egokituko da.