Urte honen hasieratik, Kutxabankek Izarran duen sukurtsala astelehen goizetan besterik ez dago irekita, eta horrek udalerriko lagunen kezka eta haserrea piztu ditu. Horregatik, biztanle talde batek sinadura bilketa bati ekin dio.
Horrekin batera, astelehenetan –bulegoa irekita dagoen egunetan, alegia– elkarretaratzeak hasi dituzte bulegoaren parean. Bizilagunek azaldutakoaren arabera, bulego hori hasiera batean astelehenetik ostiralera irekita zegoen, baina, denborarekin, zerbitzua murriztuz joan dira. Horrela, astean hirutan irekitzera igaro zen, eta bitara gero. Azkenean, aurten, astelehen goizetan baino ez dute irekitzen sukurtsala.
Bizilagunen esanetan, arazoak bereziki adineko jendeari eragiten dio, normalean horiek ez daudelako trebatuta internet bidezko banku-operazioak egiten. Baina merkatariek ere nozitu dute kontua. Izan ere, euren negozioetan bildutako dirua astean behin baino ezin dute sartu, eta diru hori etxean gorde edo Amurriora edo Gasteizera joan behar dute dirua bankuan sartu nahi badute. Vital Kutxaren pribatizazioa jarri dute arazoaren abiapuntuan.
Ordudanik, Kutxabankek "komisioak igo eta zerbitzuak gutxitu" dituela salatu dute. Gaiaren harira galdetuta, Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak esan du banku-sukurtsalen eta kutxazainen desagerpena "arazo bat" dela, eta lanean ari dela ikusteko "zer aukera dauden" udalerriei laguntzeko, "beharrezkoa duten" zerbitzu bat mantendu ahal izan dezaten.