aurrekontuak

Irisgarritasuna hobetzeko 60.000 euro zuzenduko ditu Zuiako Udalak

Erredakzioa 2020ko ots. 10a, 15:23

Besteak beste, udaletxearen birgaitze integralarekin jarraituko du Udalak. ALEA

3,5 milioi euroko aurekontua onartu du Udalak.

Zuiako Udalak 2020ko udal aurrekontua onartu berri du. Guztira, 3.522.236 euro inbertituko dira udalerrian, eta nabarmentzekoak dira bailarako herrietako kaleak mantentzeko eta irisgarritasuna hobetzeko egingo diren lanak. Gai horretan, herri-batzarretan jasotako proposamenei bide emanez, 60.000 euro gastatuko dira. 

Unai Gutierrez Urkiza alkateak azaldu duenez, "kontu hauekin aurreko urteetan martxan jarritako ekintzak sendotu nahi ditugu, oso emaitza onak eman baitituzte. Eta, aldi berean, ekimen berriak bultzatu, betiere udal honen ingurumen eta ekonomia iraunkortasuna kontuan hartuta". Ildo horretan, 50.000 euroko partida zuzenduko da hainbat udal-eraikinetan eguzki-plakak jartzeko, horien bidez energia elektrikoz hornitzeko. Aurten amaituko da, gainera, udaletxearen eraikinaren birgaitze integrala, Gorbeialdeko Kuadrillaren egoitza ere hartzen duena; bigarren solairua eraberritzeko 70.000 euroko partida onartu da.

Aurtengo beste apustuetako batek aisialdia eta kultura eskaintza indartzea du helburu. Izan ere, 56.000 euro bideratu dira udalerrian aisialdiaz gozatzeko agenda bat diseinatzeko; eta halaber, berdintasunaren arloa ere indartu da, eta 8.000 euroko partida izango du.

Era berean, beste administrazio batzuek eskaintzen dituzten zerbitzuak babesteko eta hobetzeko konpromisoak indarrean jarraitzen du Zuian. Horretarako, 10.000 euroko diru-partida bana bideratuko dira ikastetxeetan beharrezkoak diren inbertsioetarako, eta Etxez-etxeko Laguntza Zerbitzua eta beste behar batzuk osatzeko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide