Egoera sozioekonomikoa

Kokaleku pribilegiatuan

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2020ko ots. 3a, 06:00

Goiango industrialdeak, Legutio aldean, langile asko erakarri ditu. PHOT.OK

Gasteiz-Bilbo eta Gasteiz-Debagoiena lotzen dituzten errepideen inguruan sortu diren industria jarduerek eragin dute Gorbeialdean izatea Arabako batez besteko errenta pertsonal handiena.

Kokapen geografiko pribilegiatua baliatu du Gorbeialdeak herrialdean posizio ekonomiko estrategikoa finkatzeko. Gorbeia inguruetako biztanleko Barne Produktu Gordina altua da Arabako gainerako eskualdeekin alderatuta –42.894 euro–, eta hain zuzen garraio ardatz garrantzitsuen inguruetan kokaturiko industria jarduerei esker lortu du. Kasu honetan, Gasteizekiko gertutasunak lurraldeari mesede egin dio, Gasteiz-Bilbo eta Gasteiz- Debagoiena ardatz estrategikoetan kokatuta dagoelako, eta bertan sortu direlako hainbat industrialde.

Horien artean, nabarmentzekoa da eskualdearen hego-ekialdean, Gasteiztik hamabi kilometrora, dagoen Goiain industrialdea, Urrunaga eta Uribarriko urtegien ondoan. Inguru honetan, ehun enpresatik gora ezarri dira azken urteotan, horietako asko estatuko nahiz nazioarteko enpresa handiak.  

Izaera industriala

Hartara, ekonomia egituraren izaera industriala oso handia da Gorbeialdean, balio erantsiaren %49 manufaktura-industrian baitu iturburu; eta sektorean diharduten tamaina handiko enpresak ugariak dira. 

Lehen sektorea, ordea, gero eta indar apalagoa erakusten ari da, eta Araban nekazaritzarako lurren proportzio txikiena duen eskualdea da –soilik %21,9–.

Jarduera-tasa altua

Gaindegiak Euskal Herriko eskualdeen inguruan argitaratu berri duen argazki sozioekonomikoan jasotzen da azken urteotan eskualdeko ekonomia gorabidean dagoela, baina ez duela 2008 urteko "sasoia" berreskuratu. 

Halere, Gorbeia inguruetako herritarren jarduera-tasa (%78,5) Euskal Herriko batez bestekoaren gainetik dago (+1,7), eta langabezia-tasa (%10,1), nabarmen azpitik (-4,4). Eskualdeko herritarren gehiengoak Gasteizen dute lantokia, eta maila apalago batean Debagoienean; eta, era berean, asko dira Gorbeialdean lan egiten duten gasteiztarrak ere. 

Goi-formazioa dutenen presentzia handia da (%27,5), eta enplegu kualifikatua duen biztanleria, ugaria. Ingurumari horretan kokatu behar da Arabako batez besteko errenta pertsonal handiena bertan izatea (urtean, 19.190 eurokoa).

Hiriburuko biztanleak xurgatu dituzte

XX. mendearen bigarren erdialdean jazo zen despopulazio joera garrantzitsuari egokien eutsio dion udalerria Legutio izan da, hiriburuaren iparraldean garatzen den industria ehunetik gertu kokatzen baita. Gerora, azken hiru hamarkadetan, Gorbeialdeko egitura demografikoa Gasteizko eta beste eremu batzuetako herritarrak bereganatzearekin indartu da. 45 eta 64 urte bitarteko (eta formazio eta errenta maila ertain-altuko) biztanleria xurgatzeko gaitasuna izan du. Ildo horretan, haurren presentzia indartsua da (%16,0); 15 eta 29 urte bitarteko gazteen presentzia, ordea, ahulagoa da (%13,0); 30-44 urte bitarteko herritarren presentzia ere mugatua da; eta azkenik, 65 urtetik gorako herritarren presentzia (%21,6) Araban edo Euskal Herrian baino murritzagoa da. Gaindegiak egindako ikerketan nabarmendu dutenez, "belaunaldi ordezkapena indartzeko etxebizitza politikak aktibatu ezean, epe ertainera egoera bestelakoa izan daiteke". Izan ere, gailentzen den eraikuntza motaren eraginez, etxebizitza hiriburuan eskuragarriagoa gertatzen da, eta bertara jotzen dute herritar askok. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago