ALEAk 5 urte

"Kolaboratzaileek ere egiten dituzte Goienako hedabideak"

Mirian Biteri 2020ko urt. 20a, 19:00

Goienako Edukien zuzendaria da Eneko Azkarate bergararra.

Debagoieneko Goiena Komunikazio Taldeko Edukien zuzendaria da Eneko Azkarate.

Edukiari dagokionez, edozer izan daiteke albiste?  

Goienako hedabideek eskualdean gertatzen dena, albiste izan daitekeena, kontatzen dute, bertakoen ahotan eta bertakoen iturrietatik hartuta. Era berean, debagoiendarrendako interesekoa izan daitekeena edo haiei eragin ahal diena ere kontatzen dute, eskualdetik kanpoko iturrietatik jasota… Bestetik, Goiena.eus-ez, Goiena telebistaz eta Goiena aldizkariaz gain, beste hedabide batzuk ere egiten ditu Goienak: bakarka –Puntua aldizkaria– edo beste aliatu batzuekin batera –Ttap, Zut–. 

Euskara hutsean lan egiten duen komunikabidea da. Nola lortu duzue Arrasate bezalako herri ez hain euskaldun batean erreferente bilakatzea?  

Taldeak 20 urte beteko ditu aurten. Baina, Goienaren aurretik baziren Debagoienean beste tokiko hedabide batzuk, herrietan. Horietako zaharrenak, Arrasate Press –1988an sortua– eta Arrasate telebista. Hortaz, Arrasaten, euskarazko zabalkunde handiko hedabideak kontsumitzen dira duela 30 urte baino gehiagotik. Eta, hain justu ere, eskualdeko herririk handien eta erdaldunenean sortu ziren gerora erreferentziazkoak izan ziren bi hedabide horiek, ez kasualitatez. Premia ikusi zutelako euskarari bultzada emateko eta euskararen erabilera areagotzeko. 

Bederatzi herrik osatzen dute Debagoiena –Aramaio, barne–. Nola egiten duzue lan? 

Bederatzi herrietan daukagu berriemailea eta kasu gehienetan herrikoa bertakoa da. Horiek beren kolaboratzaile sarea dute. Baina kazetariez gain, elkarteek eta norbanakoek, hau da, kolaboratzaileek ere egiten dituzte Goienako hedabideak. Horixe da gure komunitatea. Orotara, 300 bat, izan pertsona edo talde. Modu batera edo bestera zuzenean kolaboratzen dute: paperekoetan artikuluak idatziz, Goiena.eus-eko Komunitatea atalean edukiak sartuz… Goienako webgunea izan zen euskarazko lehenetakoa blog komunitatea sortzen eta duela 17 urte hasi ziren haietako asko oraindik ere aktibo dira Goiena.eus-en.

Alea eta Goiena arteko ezberdintasun nabarmenetako bat da Goienak multimedia formula guztiz barneratuta duela. Zertan datza?

Goiena sorrera-sorreratik, 2000tik, da multimedia. Nahiak eta egoerak batzera eroan gaitu, hedabideen eta erredakzioen konbergentziara, eta argi izan dugu beti Goienako kazetaria gauza izan behar dela eduki bat euskarri ezberdinetan kontatzeko: sare sozialetan, webgunean, kamera aurrean eta atzean, idatziz, ahoz… Edukia da inportanteena eta hori euskarri ezberdinetan gailu ezberdinekin kontatzeko etengabe ari gara formatzen. 

Tokikomek zer garrantzia dauka Goienarendako?

Tokikom ezinbestekoa da. Norbera bakarka ari beharrean hainbat kontutan elkarrekin aritzea eta sinergiak aprobetxatzea behar-beharrezkoa da gaur egun, euskarazko tokiko hedabideak eraginkorragoak izateko. Tokikomi esker interneteko plataforma berdina darabilgu hainbat hedabidek, publizitatea batera kontratatzen dugu, paperekoak egiteko edizio sistema berdina darabilgu, papereko maketa berdinak… 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago