Dagoeneko 25 urtetik gora daramatza kazetaritzan lanean Urrunagako Rosa Ortiz de Mendivilek. Denbora tarte horretan, esparru eta euskarri askotan jardun du; tartean, tokiko informazioan.
Zer dute zuretzako tokiko hedabideek besteek ez dutena?
Nik esango nuke gertutasuna eta herriari dioten maitasuna direla berezitasun esanguratsuenak. Jorratzen diren gaiak guztion bizitzan aurkitzen direnak dira; herritarren historiak kontatzen dira. Horrez gain, nik kudeatzen ditudan aldizkarietan behintzat, ez da politika agertzen; erakundeetako informazioa bai; baina politika ez.
Gorbeialdeko Kuadrillako aldizkariaz gain, Zigoitiko eta Zuiako Udalarenak ere kudeatzen dituzu. Zer nolako informazioa lantzen da argitalpen horietan?
Erakundeek argitaratutako aldizkariak direnez, euren ahotsa da bereziki jasotzen dena. Kuadrillaren kasuan, bertan lantzen diren proiektuen berri ematen zaie herritarrei. Gorbeiaberri udalerri eta herrien arteko kohesioa bultzatzeko dago sortuta, eta kuadrillan jorratzen diren proiektuen berri emateaz gain, herrietan egiten denaren berri emateko eta izateko ere erabiltzen da. Udal aldizkarietan ezberdina da.
Nola egiten duzu lan?
Kuadrillako aldizkaria osatzen, bertako teknikariekin eta udal ordezkariekin eratutako mahai bat dago; interesgarriak diren gaiak proposatzen eta adosten dira horretan. Hamazazpi eta Zubia udal aldizkarietan ez da horrela gertatzen; udal taldeek erabakitzen dituzte sartuko diren gaiak, eta gero, niri helarazten dizkidate, nik neuk, teknikariek edo kolaboratzaile batek jorratu ditzan. Zigoitiko Hamazazpi aldizkariaren inguruan, esaterako, oso kolaboratzaile sare indartsua dago osatuta.
Gaur egun, internet da jaun eta jabe, baina paperezko udal aldizkariek oraindik ere bere tokia dute. Non dago gakoa?
Gorbeialdeko herri askotan jende heldua dago eta horiek gustuko dute paperean irakurtzea bere herrietan zer gertatzen den eta gertukoak ikustea. Internet galkorra dela ematen du; aldizkaria, berriz, ez; ikus dezakete eta baita ukitu ere.
Paperean bai, baina sare sozialetan eta ez daude oso garatuta. Hor egon daiteke etorkizunera begirako erronka?
Zalantza gabe. Gaur egungo ikurra da internet, eta gainera, bateragarriak dira. Zuiako Udalean, adibidez, paperezko aldizkaria ateratzen dugunean sare sozialen bitartez ematen dugu horren berri eta zenbait eduki ere partekatzen ditugu. Helburua jendeari informazioa helaraztea da eta bide guztiak dira baliogarriak.