Imaginate Frama enpresako langileen egoera salatu dute

Mirian Biteri 2020ko urt. 5a, 17:56

Igande arratsaldean Legutioko kiroldegiko atarian egindako protesta.

Elkarretaratzea egin dute gaur arratsaldean Legutioko kiroldegian.

Legutioko gaztegunea eta ludoteka kudeatzen dituen Imaginate Frama enpresako hainbat langileren egoera salatzeko elkarretaratzea egin dute gaur, igandea, arratsaldean. 2018ko martxotik gaur arte, langile horien lan baldintzak zapaldu dituztela salatu dute, eta eduki beharko luketen Arabako hitzarmena apurtuz enpresak neurri ezberdinak ezarri dituztela arbuiatu dute.

Kiroldegiko atarian egindako elkarretaratzean irakurritako eta egunotan herritarrei banatutako ohar batean jakinarazi dutenez, lan orduak ez dira hitzarmenean ezarritakoaren arabera ordaindu, egindako ordu guztiak ez dira gizarte segurantzan altan eman eta kontratu guztiak ez dira eman eta sinatu. Horrekin batera, salatu dute hilabete horiek guztietan euren soldatek murrizpenak jasan dituztela eta jai egun eta gaueko plusak ere ez dizkietela ordaindu. Egoera horren aurrean, langileek euren lan baldintzak hobetu eta erregulatu ditzatela eskatu dute. 

Gaineratu dute langileek jasandako "presioaren ostean", enpresak Arabako hitzarmena beteko duela baieztatu diela: "Dena den, oraindik egoerak bere horretan jarraitzen du. Langileek zor zaien diruarekin zer gertatuko den edota ordainduko zaien ere ez dakite, enpresak ez baitie erantzunik eman", salatu dute. 

Guzti hori dela eta, honakoa eskatu diote enpresari: langileei zor zaien dirua ordaintzea; aurrerantzean, Arabako hitzarmena betetzeko bermeak ezartzea; eta hirugarrenik, lan baldintza duinak bermatzea eta langileei ematen zaien tratua errespetuzkoa izatea.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago