Aramaion ospatuko dute Bertso Eguna, hilaren 18an

Iaz, Barañainen ospatu zuten Bertso Eguna. / Bertsoa.eus

Besteak beste, Sebastian Lizaso, Ane Labaka, Iñaki Viñaspre, Unai Iturriaga eta Onintza Enbeita bertsolariak izango dira bazkari desberdinetan.

Aramaion ospatuko dute aurten 51. Bertso Eguna, urtarrilaren 18an: Arabako Bertsozale Elkarteak, Aramaioko Udalak eta Aramaioko bertso-eskolak elkarlanean antolatuta.

Bertso bazkaria izango da egitarauko plater nagusia. Lau otordu izango ditu aukeran zaleak: Nerea Elustondo eta Unai Iturriaga izango dira Ehiztari txokoan; Eneko Lazkoz eta Miren Artetxe Izarra elkartean; Onintza Enbeita eta Sebastian Lizaso izango dira Uribarriko elkartean; eta Ane Labaka eta Iñaki Viñaspre Zabolako elkartean. Txartelak eskuragai daude urtarrilaren 10era arte www.bertsosarrerak.eus atarian, 20 euroren truke.

Uribarriko eta Zabolako elkarteetara joateko autobusa egokituko du elkarteak herrigunetik, goizeko saioa amaitzen den lekutik -lehenerako 14:30ean, eta bigarrenerako 14:45ean-. Izan ere, bertso bazkarien aurretik, 12:30ean, bertso ibilbide gidatua egingo dute Aramaioko kaleetan zehar. Gidari lanetan izango dira Andoni Egaña, Ane Zuazubiskar, Irati Majuelo, Jokin Uranga, Martin Abarrategi, Oihana Bartra, Oihana Iguaran, Sustrai Colina eta Xabi Igoa.

Bazkariaren ondotik, arratsaldean festa luzatu nahi duenak izango du aukera, Urola erdiko trikitilariak batuko baitira 19:00etan. Are gehiago: lo egiten geratu nahi duenari tokia ere eskainiko zaio, eskaera egonez gero.

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide