Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundeko kidea da Izaskun Arriaran (Aramaio, 1977). 2017an erakundeak argitaratutako iragarki batean migratzaileen kanpamentuetarako sanitarioak behar zituztela ikusi, eta horietako batean hilabeteko misio bat egitera animatu zen. Ordutik gaur arte. Kioseko kanpamenduko proiektuaren koordinatzaileak azken misioan bizi izandakoa eta itsasoan zein kanpamentuetako errealitatea azaldu du.
Noiz itzuli zineten etxera?
Abenduaren 9ko goizean itsasontzia Grezian porturatu genuen, eta astelehenean bertan eta abenduaren 10a bitartean itzuli ginen guztiak etxera. Aita Mari itsasontziak hamabost lagunentzako tokia du: kapitaina; ofizial, kazetari eta marinel bina; erreskate lanekoak; eta sukaldari, mediku eta erizain bana.
Esperientzia gogorra han bizitakoa, ezta?
Oso gogorra. Azken bidaiak bi zati izan ditu. Lehenengoak laguntza humanitarioa eramateko helburua zuen. Zazpi bat tona eraman genituen, bereziki, neguko arropa, zapatila eta material sanitarioarekin. Materiala eramateaz gain, bi kanpamentu bisitatu genituen, Lesbosen eta Kiosen. Lehenengoan 2015etik daramagu lanean, baina bisita honetan ikusitakoa oso gogorra izan da. Egun, 6.000 lagunetik gora bizi dira han, berez 1.000 lagunentzako tokia badu ere. Bizi baldintzak oso gogorrak dira: 15 komun baino ez dituzte, zaborra edonon dago eta egunean behin ematen dieten janaria oso kalitate txarrekoa da.
Bertan egon ginenean, arratsaldero kontsulta bat pasatzen genuen, eta horrenbeste jende etortzen zen oso zaila zela egoera kudeatzea; psikologiko oso txarto daude, krisi eta antsietate asko daude eta ez da erraza.
Bidaiaren bigarren zatian itsasoratu zineten. Erreskate lanak egiteko Espainiako Gobernuaren baimen gabe atera zinetela esan da...
Argi utzi behar dugu ez ginela baimen barik atera. Itsasoratzen zaren bakoitzean Despatxu izeneko baimen bat eskatu behar da; hau da, helburua edozein izanda ere, beti eskatu behar duzun baimen bat da. Espainiako Gobernuari baimen hori eskatu genion Greziara laguntza humanitarioa eramateko, eta eskatutakoa bete genuen: Siziliara inongo geldiune barik joan ginen, eta handik zuzen Greziaraino laguntza uztera. Eremua ere mantendu dugu, bai Maltako eta baita Italiako uretan ere. Hortaz, Espainiak ez du ezer esaterik hitzartutakoa bete genuelako; zentzu horretan, lasai gaude. Bestetik, Espainiako Gobernuak akordio bat eskatzen zigun itsasoan erreskatatutako pertsonak porturatzeko; baina, hori Greziari eskatu behar genion han geundelako. Horren harira, duela gutxi Europako hainbat herrialdek akordio bat sinatu zuten, eta Espainia kanpo geratu zen. Guk egindako erreskatearen harira, Eusko Jaurlaritzatik eta Euskal Herritik egin den presioak asko lagundu digu, eta ondorioz, Espainiak ere akordio hori sinatzea lortu izan da. Aurrerantzean, horrek asko erraztuko du guztia.
Zuen misiora itzuliz, behin itsasoan, asko kostatu zitzaizuen migratzaileak topatzea?
Bai, egunak eman genituen. Muga bat geneukan, nazioarteko uretan sartzen baldin baginen arazoak izango genituela esaten ziguten, Malta eta Italiaren koordinazio gabe geratuko ginelako. Astebete inguru eman genuen Tripoli (Libia)parean aurrera eta atzera, muga hori pasatu ezinik, jakinda bestaldean ontziak zeudela oso itsaso txarrarekin. Handik pare bat egunera abisua jaso genuen Libiatik ateratako bospasei ontzietara heltzeko aukera izango genuela; hiru egun eman genituen bila, itsaso zakarrarekin. Topatzeko esperantzarik ez genuenean, ontzi baten bila joateko abisua heldu zitzaigun, eta hara gindoazela, beste ontzi bat ikusi genuen, 79 lagunekin. Erreskatatu eta bigarren ontziaren bila joan ginen, baina libiarrak mehatxuka agertu ziren. Ihes egin behar izan genuen korrika, ontzia han utzita. Handik gutxira, 83 lagunekin noraezean zebilen beste ontzi baten berri izan genuen; orduak eman genituen bilatzen baina ezer ez, eta hiltzat eman genituen. Beste ontzien berri ere jaso bagenuen, ezin izan genuen ezer egin.
Gogorra.
Oso. Horregatik, alde batetik, pozik itzuli ginen 79 pertsona ekarri genituelako; baina, bestetik, etsipenez, bi egunetan gu geunden tokitik oso gertu ehun lagunetik gora hil zirela ikusi dugulako eta beste askorekin zer gertatu den ez dakigulako. Dirutza gastatzen dute segurtasun neurrietan; gu, adibidez, hegazkinekin eta dronekin zelatatuak izan gara. Horrelakoetan errekurtso asko gastatzen dituzten bitartean, jendea hiltzen dabil.
Badakigu ontzi askotan ura eta ogi koskor siku bat ematen dietela, eta argi batzuk jarraitzeko esanda, itsasoan noraezean uzten dituztela, eta erregaia amaitzen denean han geratzen direla.
Zuek erreskatatutako migratzaileak porturatu aurretik, bost egun pasa ziren. Nola gogoratzen dituzu?
Oso egoera ezberdinak bizi genituen. Hasieran, oso pozik heldu ziren; gero, bi gau oso txarrak pasa genituen, itsasoa beldurgarri zegoen, eta jendea bustita eta izoztuta zegoen. Gure eskuetatik ihes egin zuen orduan egoerak. Bestalde, beraien herrialdeetan bizi dutena ezagutzea eta aurpegian duten tristura izugarria da; guztiek diote nahiago dutela hil Libiara itzultzea baino; kanpamentuetako klinikan ikusitako denek tratu txarrak, labankadak eta tiroketak jaso dituzte, eta emakume guztiak eta gizon asko bortxatuta daude. Gainera, Europan espero zaiena ona dela uste dute, eta hori ez da horrela.
Honen aurrean, zer eskatzen diezue gobernuei?
Izugarrizko lana dute aurretik. Europa mailan konpondu behar da gaia, bestela ez dago ezer egiterik. Migratzaileen herrialdeetan ere euren bizi baldintzak hobetu beharko lirateke; eta Libiako infernua konpondu behar da, ez delako normala jendea horrela tratatzea.
Gizarteak ere izango du zereginik.
Txipa guztiz aldatu behar dugu; guk geuk kritika asko jaso ditugu migratzaileak ekarri ditugulako. Auzia landu egin behar da, umeetatik hasita.
Noski. Begiak zabaldu behar ditugu; ulertu behar dugu bere herrialdeetan ezin dutela jarraitu mila arrazoirengatik, pertsonak direla eta etsaitzat hartu beharrean aukerak eskaini behar dizkiegula modu duinean bizi ahal izateko.
Komunikabideek ondo jorratzen dute gaia?
Ezin ukatu izugarrizko babesa jaso dugula, baina itsasoko erreskate lanak hartu ditugu ardatz eta kanpamentuetako egoera ahaztu dugu. Bertan gertatzen dena salatu beharra dago; negua heldu da, ez dugu aurrera biderik ikusten eta oso arduratuta gaude.
Gabonen ostean ostera ere hara joateko asmoa duzue, ezta?
Bai, urtarrilaren bukaeran. Plangintza da hilabete bat itsasoan eta beste bat etxean ematea. Lehenengo misioa apur bat luzatu denez, bigarrena zertxobait atzeratuko da. Hala ere, kanpamentuekin kontaktuan jarraitzen dugu. Aita Mari Grezian dago mantenu lanetan; horren antolaketaren arabera, ikusiko dugu zer egin baina bestela kanpamentuetara joateko asmoa daukat; ez dut pentsatu nahi zelan egongo diren